Txomin Barullo konparsearen hasikerako urteak kontau ditue liburu baten

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2021ko abe. 21a, 18:00

Álvaro Gurrea, Bittor Allende eta Santi Burutxaga dira egileak.

Diktadurearen osteko Bilboko giro kulturala eta soziala astindu eben taldeetako bat izan zan Txomin Barullo, Aste Nagusiaren kontura sortutako konparsea. Gaur egun be bizi-bizirik dago, baina euren ibilbidearen hasikerako urteetan gizartean arrastoa itxi ebelakoan, liburu baten batu ditue orduko pasadizo eta proiektu ugari. Txomin Barullo contra el desorden mundial (1978-1998 los años heroícos) da izenburua.

Álvaro Gurrea idazleak idatzi dau liburua, bere gomutak eta esperientzia erabilita, eta Bittor Allende eta Santi Burutxagaren laguntzinoa izan dau. Hiru ikuspegi, baina helburu bat: Txomin Barulloren lehenengo hogei urteetako jardunaren lagin bat erakustea, Aste Nagusiaren aitzindarietako bat izan zan taldeak antolatutako jarduera guztien zati bat gaur egungo publikoari aurkezteko.

Umore satirikoa armatzat hartuta, kulturaz hutsituta egoan Bilbon alternatibea sortu eban Txomin Barullok. Aktibismo politikoak eta sozialak alkartutako era guztietako personak bihurtu ziran konparsako kide: aktoreak, musikariak, vedetteak, inprobisatzaileak...

Ezinegon handiko sasoietan jaio eta hazi zan Txomin Barullo, eta mobimendu zabal horren parte bihurtu zan berehala. Modu heroikoan kontau ditue orduko pasadizoak.

Liburua jentaurrean aurkezteko, barriketaldia egingo dabe gaur, hilak 20, Bidebarrieta Kulturgunean. Álvaro Gurreak, Bittor Allendek eta Santiago Burutxagak egingo dabe berba. Liburuaren nondik norakoak azaltzeaz gan, bakotxak bere ikuspegitik gogoratuko ditu 1978tik 1998ra arteko sasoiak. 

Saioa 19:00etan hasiko da. Sartzea doban da, baina osasuna babesteko arauak zorrotz bete beharko dirala ohartarazo dau Bilboko Udalak, besteak beste, maskarea jantzita izatea.