Martxan da 10. Elhuyar Zientzia Azokea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko urt. 11a, 14:40

Gazteek izena emon leikie zezeilaren 28ra arte.

Zientzia, teknologia eta ikerkuntzea Euskal Herriko gazteen artean zabaltzeko asmoz egiten dau Elhuyar Fundazinoak, urtero, Zientzia Azokea. 2013an izan zan lehenengoa, eta aurtengoa hamargarrena izango da. Parte hartu nahi daben gazteek (12 eta 18 urte artekoek) eta honeen irakasleek izena emon leikie dagoeneko, zezeilaren 28ra arte, proiektuen proposamenak aurkeztuz.

Azokeagaz bat egin daben 301 adituek gazteei lagunduko deutse proiektuak garatzen, parte-hartzaileek ikerketa zientifikoaren nondik norakoak barru-barrutik ezagutu deiezen. Emoitzea ikerketa zientifiko bat edo proiektu teknologiko bat izango da, eta 2022ko Zientzia Azokearen ekitaldi nagusian aurkeztuko dau talde bakotxak.

Bilboko Arenalean egingo da Azokea, bagileko lehenengo asteburuan, eta hantxe izango da gazteen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukerea. 

Gazteen aholkulari lanetan ibiliko diran adituei jagokenez, ohiko moduan, jakintzearen alor ugaritakoak egongo dirala aurreratu dau Elhuyarrek. Erdia baino pixka bat gehiago (% 52) emakumeak dira. Zientzian eta teknologian dabizan profesionalak ezagutu ahal izango ditue gazteek, eta hareekaz abenturak eta bizipenak konpartiduko ditue, Elhuyarren arabera.   

2013an lehenengo edizinoa egin zanetik, 7.000 gazte inguruk hartu dabe parte Zientzia Azokan, eta 1.089 ikerlan edo proiektu teknologiko egin ditue. Horreetatik 720 inguru ikusi ahal izan dira Bilboko urteroko Zientzia Azokan.

Elhuyar Zientzia Azokeak Eusko Jaurlaritzearen, Nafarroako Gobernuaren, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Erabi-ren laguntasun ekonomikoa dau, eta lankidetzan dabil euskal unibersidade eta ikerketa-zentro nagusiakaz eta Euroeskualdeagaz.