Ibon Koteron: "Ohikoa urratzea da aurreko egoerara bueltetea"

Erabiltzailearen aurpegia
(Argazkiak: Aitor Koteron)

Bilboko Aratusteetako Farolin.

Udaleko, Bilboko Konparsak erakundeko, Fekoor-eko eta Alde Zaharreko Merkatarien Alkarteko ordezkariak batzen dituan Jai Batzorde Mistoak aukeratu ditu Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ezagunenak, Farolin eta Zaranbolas.

Farolinen eta Zaranbolasen epaiketea bariku arratsalderako aurreikusita dago, hilaren 25erako eta hauxe da 1984. urtean sortu zan jai-ekimeneko ekitaldi nagusia, baserri giroko Aratuste tradizionalen elementu adierazgarrienetakoa ezartzeko. Epaiketa horretan ezartzen ziran urteko gaiztoen kontrako zigorrak.
Uribilduaren kasuan, gaiari ikutu txirenea emotea erabagi zan, zintzoa eta txarra ekuazinoa ebitau eta bilbotarren nortasun arketipikoaren bikoiztasuna nabarmentzeko asmoz.

Farolin, abilidade handiko musikari bilbotarra: Ibon Koteron, arlo publikoan edo profesionalean nabarmendutakoa (ez dau zertan Bilbon jaiotakoa izan behar), haren botxero izakerea dala eta harro egoteaz gan, goiburua Semper Plus Ultra/ Beti Haratago izan daiteke. Ibon Koteron musikaria, aurtengo Bilboko Aratusteetan Farolin izango dana, ezin hobeto sartzen da profil horretan. Filosofia irakasle dabil orain eta albokari, albokearen iraultzaile eta Bilboko enbaxadore euskalduna. Nazinoarteko artista handiakaz egin dau lan eta bakarkako diskoak be argitaratu ditu, berak joten dauenean bikain entzuten dan musika-tresna hori ezagutzera emoteko.

Zaranbolas, benetako gibelandia, Gemma Martínez, ezerk nahasten ez dauen eta bizitza ezerk aldatzen ez deutson bilbotarra. Ondo bizitzearen adibide, haren bizimodua Carpe Diem/Bizi Momentua esaeran laburbatzen da. Antzezle bilbotarra, dibertigarria, gibelandia, zelebrea... Arte eszenikoetako ibilbide luzeko profesionala, antzerkia, zinemea, telebista, bakarrizketak egin ditu, umorez betetako bizitza aprobetxauta.

1.- Zorionak Ibon ala zoribako esan beharko dogu, zer pentsau zenduan Farolin izateko aukeratua izan zinala esan eutsuenean? Nork emon eutsun erabagiaren barri?

Zoribako ez, zorionak, eskerrik asko Koldo. Pozik hartu dot izentapena. Ezustean atrapau ninduan izentapenak baina zerrendan beste batzuk be beagozala esan eta trankil geratu nintzan. Baina agendan arazorik edo izango ete neban itauntzen hasi ziranean, gauzea aurrera joiala igarri eta baiezkoa emon eta hemen gagoz, Farolinena egiteko prest. Erabagiaren barri Udaleko Turismo saileko Joseba Rosalesek emon eustan, ezagunak gara aspalditik, askotan kalijira eta enparauetan joten be ibilten gara. Segiduan Konparsak Erakundetik be deitu eustien eta, beraz, ez egoan iges egiterik.

2.- Serioa zara baina gibelandia be bai eta bilbotar izateaz harro zagoz...

Arrazoia. Farolinen definizinoan bertan esaten da Bilbon berton jaioa izan ez arren, bilbotarrok gura dogun lekuan jaioten gara baina ni naz Bilbon jaiotea erabagi neban horreetako bat. Bilbon, Deustun jaioa, jatorria Begoñan, amaren partez Matsorriak, txakolindegiaren jaube ziralako Egirletan eta Bilboko hainbat lekutan bizi izan naz, familia Arenalean bizi zan, Epalza Alargunaren kalean, hain zuzen be. Hiru bat bat urte edo egin genduzan bertan eta hortik Indautxura joan ginan eta han hainbat urte emon genduzan. Aurrerago Sombrereria kalera joan ginan biziten eta hortik Atxurira. Gero neurea erosi nebanean, Basurto aldean hartu neban, Basurtuko Ospitaleko larrialdiak zerbitzuaren aurrealdean. Kontuak kontu, Bilboko auzune asko ezagutu ditut, bilbotar peto-petoa naz.

3.- Zein izango da Farolinen zeregina Bilboko Aratusteetan?

Eguenean, 24an, arratsaldean egiten da antifaz edo maskaren trukaketea, igazko Farolin eta Zarambolas izan ziranakaz, hain zuzen be. Barikuan, 25ean, Farolin eta Zarambolesen epaiketea egiten da eta koplen lehiaketea be hortxe egiten dala uste dot. Zapatuan, barriz, badakit albokari tropeltxu batek kalejirea egingo dogula kalerik kale. Hortik gora nahikoa libre edo ibiliko nazela esango neuke baina nork jakin, aratusteak nahikoa jai aldrebesak izaten diralako eta parrandea be egin beharko dalako...

4.- Filosofia eskolak emoten dozuz, maisua zara. Gustora zabiz?

Bai, urteak daroadaz eta oso gustora nabil. Erandioko Ategorri institutuan nabil eta pozik, 16-17 urteko ikasleek gustora hartzen ditue holako kontuak, arrazonamenturako sen kritikoa sortuko balitx ikasleen artean, pozik.

5.- Euskerea be beti maite izan dozu eta oso oker ez bagagoz, Doktorea be bazara...

Bai. Zuzen zabiz. Donostian, Zorroagan eta aurrerago Ibaetan ibili nintzan ikastaroetan doktoradutzea egiteko eta hor hizkuntzalaritzan sartu nintzan, izan be, Tesi Doktoralaren izenburua izan zan Euskal aditz aditz sistemearen analisi semantikoa.

6.- Kepa Junkeragaz batera Leonen Orroak plazaratu zenduan 1996, Leon Bilbaoren omenez. Joan dira urte batzuk. Zelan gogoratzen dozuz momentu hareek?

Gaztetxuak ginan baina ondo gogoratzen dodaz hareek momentuak. Ilusinoa geunkan beharrerako eta nik esatea ondo ez badago be, holako izar bik bat egiten dabenean, magia sortzen da eta holan etorri zan Leonen Orroak. Madrilen egin genduan grabaketea eta aurrerago Donostiako Elkar Estudioan be ibili ginan.

Kepa lagun handia da eta aitatu diskoa hasierea baino ez zan izan, zortzi urte aurrerago Airea etorri zalako. Hortik aurrera beste bi egin ditut Irlandako musikea ardatz hartuta eta bira bi egin genduzan, Irlandan bat eta Euskal Herrian bestea.

Horrezaz gan, Leonen Orroak diskoan ibili ginanok eta Xabi Ibañez eta Ruben Isasigaz atara genduan Alboka 2.1 Disko-Liburua, albokearen eskala guztiak, musika tresnearen berezitasunak eta enparau guztiak barrubatzen zituana.

Kolaborazinoak be pilo bat izan dira, besteak beste, Kepa Junkera, Tomás San Miguel, Berrogüetto, The Clarinet Trio, Matt Darriau, Sergei Starostin, Tejedor, Tapia eta Leturia, Oreka TX, Xabi Aburruzaga, Gontzal Mendibil, Korrontzi eta Sokaide.

Munduko leku askotako soinuakaz buztartu dogu albokea, besteak beste, Gilles Chabenaten zarrabeteagaz, Roston Cuchichianen dudukeagaz edo Iñaki Plaza eta Ruben Isasiren txalaparteagaz. Ahots bereziak be sartu doguz, korsikarrenak, Galiziako Faltriqueira taldeko kideenak eta.

7.- Albokea, Euskal Herriko klarinete bikotxa, aspaldikoa da. Jatorriari erreparauta, nongoa da albokea? Zeintzuk dira musika tresnearen berezitasunak?

Aitatu disko-liburuan zein Airea diskoan topauko ditu zehetasun guztiak interesa dauenak eta liburuak be badagoz egon. Antxinakoa da albokea eta mediterraneotik Indiara zabaldu zan, atara kontuak. Milazak urteko musika tresnea dala dinoenak badira eta ez dabiz oker. Kultura neolitikotik ete datorren be esaten dabe adituek eta zehatz noizkoa dan jakiterik ez dago. Artzainek erabilitakoa be badala entzun izan dogu eta hemen be artzain lanetan ebizenen komunikazinorako tresnea ete dan be entzun dogu. Kultura neolitikotik datorrela esan daiteke eta Basajaun abereen jagolea be ahaztu barik eta pentsaizu, antza, Basajauni ostu egin geuntsan albokea, gu gara gu izatekoak.

Ganerakoan albokea musika tresna barezia da tutu edo hodi bi ditu, mutur batean ahoa ipinita ataraten jako soinua, haize instrumentu tradizionala da eta klarinete bikotxa be esaten jako. Sano gatxa da albokea jotea baina tono askotan joteko be prest dagoz eta zaleek ez deiela atzera egin.

8.- Albokearen soinua ondo buztartzen ei da kanpoko beste musika tresna batzukaz, baita txalaparteagaz be. Edozelan be albokea suspertzeko zer egin beharko litzateke?

Gitxi batzuk bagabiz, Kepa Junkerak sortutako eskoleak lan handia egin eta albokajole batzuk sortu ziran baina hor gara Juan Mari Beltran, Joseba Fernandez eta Mixel Ducau be ez dogu ahaztu behar, eskola bat sortu dau eta mobimentua badagoala egon pentsetan dot. Musikearen munduan zaparrada handia dabil, musikagintzea zehatz aldatuta dabil, estilo plataforma eta enparauakaz baina hor ikusten dot nik bidea albokea indartzeko, nahikoa izango litzateke lehengo Exkizu lako talde batek albokea jo eta gazteen interesa suspertzeko.

9.- Aratusteetan parte hartu ala ez dudan dagozanentzako mezurik?

Bai. Topiko klasikoa da baina Aratusteak ohiko errutinak eta jokabideak urratzeko jaiak dirala entzuten dogu eta holantxik da. Maskarak eta holakoak erabiltea be horretarako da, albokoak ez daian igarri noren aurrean gabizen saltsan, normaletik kanpoko zereginetan gabizenean ez daien inork igarri. Nahikoa zorabio izan dogu azken aldion eta, beraz, aurten maskarea kendu eta geu garen modukoak erakutsi beharko geunskio hurkoari. Beti izan garenak ez gara izan eta hauxe da momentua gauzak aldatzeko. Ohikoa urratzea da aurreko egoerara bueltetea.