Aratusteek poztasuna eta umorea bueltau deutsee bilbotarrei

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko mar. 2a, 17:00
Farolin eta Zarambolas

Bilboko Jai Batzorde Mistoak nabarmendu dauenez, jente piloa ibili da kaleetan.

Urte huts baten ostean, aurtengo Aratusteek tristezia gainditzen lagundu eta poztasuna eta umorea bueltau deutsee Bilboko herritarrei. Bilboko Jai Batzorde Mistoak nabarmendu dauenez, jente piloa ibili da kaleetan, aratusteetako programazinoaz eta giroaz gozetan eta parte hartzen eta ez da arazo nabarmenik izan. Programazinoa osasun-erispideei begira moldatu bada be, bilbotar guztien gustuak asetzeko ekintzak izan dira.

Zazpigarren urtez hartu dau Bilbo Aratuste eredu bateratuak, urtebeteko atseden behartuaren ostean. Bederatzi egunetan zehar kaleak mozorroz eta kolorez bete dira herritarren parte-hartzea erdigunean jarri gura daben Aratusteetan. Pandemiaren ondorengo egoera berezira moldatu eta jente-pilaketak eta arrisku-egoerak ahalik eta gehien ebitau dira.

Zapatuan, kopla txikien soinupean, Bilboko tradizino hau 1515. urtean dokumentauta dago lehenengo aldiz, baina berreskuratu diranetik indartsu gaurkotu dira sasoi honetara. Sarkasmoz, ironia finaz eta kritikaz sartu bilbotarrak eta, holan, egueneko txaranga eta kontzertura animau ziran, Kafe Antzokian hasitako musika-giroa Zazpi Kaleetan zabaltzeko.

Barikuan, barriz, Farolin eta Zaranbolasen egun handia izan zan. Atxilotu egin zituen Ibon Koteron musikari eta irakaslea, Farolin, eta Gemma Martínez aktorea, Zaranbolas. Atxilotuak izan ostean, antxinako pertsonaiez (Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko) inguratuta, Plaza Barrira eroan zituen eta bertan, epaiketa herrikoiaren barri emon eta han ziran herritarrek zigortu zituen.

Zapatua berezia izan zan. Jai Batzorde Mistoko kideek eta dozenaka bilbotarrek lagunduta, eguerdiko 12:00etan Plaza Biribilera Aratuste Zapatuari hasierea emon jakon. Mozorro kalejiran, konparsez gan, mozorro indibidualak eta talde-mozorro ugari hurreratu ziran, guztira 54 taldek parte-hartu eben. Parte-hartzaile eta ikusle ugari, danon gozamenerako.

Erromeriaren ondoren, 1985. urteko berreskuratutako lehenengo kopla txiki irabazlea abestu eben bertan batutako herritar guztiek, Zaranbolasen ahots afinatuak eta Farolinen albokeak lagunduta. Ostean, Lekittoko Deabruakaz batera kalejira desordenatuan joan ziran denak Zazpi Kaleetara, Mozorro-lehiaketearen irabazleak saritzera.

Aratusteak sutsu bizi daben belaunaldiek ez dabe atxakirik behar izan kalera mozorrotuta iurtetako baina eurentzat eta familientzat atondutako ekimenei esker milaka neska-mutil algaraka izan dira Bilboko kale, kantoi eta plazetan.

Holan, zapatuan, Zirika Zirkusen Berrerabizi antzezlanaz gozeteaz gan, umeek tailerrak aukeran izan zituen Done Bikendin, alkarregaz eta familian olgetako.

Euskal folkloreak be lekua izan dau Bilboko Aratusteetan. Zapatuan Ondalanen erraldoiak ibili ziran Bilboko erdigunetik eta Gaztedi jantza-taldeak erraz bete eban Plaza Barria domekan, Zuberoako Maskaradea eskainiz.

Musikea eta umorea izan dira protagonista Bizkaiko uriburuko aratusteetan. Hainbat kontzertu izan ditugu egunotan, ume eta helduentzat, mozorro irudimentsu eta deigarriak jantzita: Zapatu gauean, Plaza Barrian, Bocabeats taldearen inaute-ikuskizun elebiduna sekulakoa izan zan.

Astelehenean, barriz, Dj Xaiborrek egin eban Bilboko Udal Musika Bandako 40 musikari baino gehiagoren ohiko mozorro-kontzertua, Iñaki Urkizuren gidaritzapean. Errepertorio zabala interpretau eben: abesti herrikoiak, soinu-bandak eta folklorea. Astelehenean neska-mutilek Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunen bisitea jaso eben Campos Antzokian eta Bart, non ote nintzen ni? eskaini eben; eta helduagoek Bataklan Kabaret-egaz gozau eben. Plaza Barrian, gazteak jantzan ibili ziran Lekeitioko Silitia taldearen kontzertuan.

Aste zoro honi amaierea emoteko, bilbotarrek su eta negar-anpuluz bete eben atzo iluntzean Arriaga Plazea, Sardinea erreteko ekitaldian. Laster bilbotarrak beren zereginetara eta egunerokotasunetara bueltauko dira, ahaztu barik datorren urtean hemen izango ditugula barriro be aratusteak.