Bilbo distopikoa dakar Kike Infame marrazkilariak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko api. 26a, 08:00

FANT jaialdiagaz lankidetzan dator Morirse en Bilbao erakusketea.

2011n hasi ziran Kike Infame marrazkilaria eta Señor Verde gidoilaria Morirse en Bilbao fanzinea izango zana sortzen, Bilboren historiako hainbat sasoitan kokatutako istorioak kontetako asmoz. Fanzineak aurrera egin ahala, etorkizuneko Bilbo distopikoa nagusitu zan istorio grafikoetan, eta liburu formatuan be urten eban. Orain, erakusketea antolatu dabe Bilboko Udalak eta FANT jaialdiak, hain zuzen be, Morirse en Bilbao izenburupean.

Uriko Zabalgunean, Barrainkua kaleko udaltegiaren erakusketa-aretoan dago ikusgai, maiatzaren 14ra arte, goiz eta arratsalde. Sartzea doban da. Erakusketearen inaugurazinoan izan dira Juan Mari Aburto alkatea, Kike Infame marrazkilaria, Gonzalo Olabarria zinegotzia eta FANTeko arduradun nagusi biak, Justo Ezenarro eta Leire Artigue.

Fanzinean agertzen dan mundua ezagutu geinke erakusketan: 2136. urtea da, eta berotze globalaren erruz, Iberiar peninsulea ur azpian dago; Bilbo bizirik dago, kristalezko kupula handi batek babestuta. Baina oraintsu itxialdian sartu ditue bilbotar guztiak, Gargantua birusa urian zabaldu dalako.

Bilbok era guztietako istorioak sortu eta kontetako dauen balioa aldarrikatzea da erakusketearen helburuetako bat. Kasu honetan, etorkizuneko Bilbo distopikoa. Era berean, Kike Infame marrazkilariaren eta Señor Verde idazlearen lana herritarrei hurreratzeko bitartekoa izango da.

Ganera, eguenean, apirilak 28, Infamek eta Señor Verdek eurek bisitaldi gidatua egingo dabe, erakusketearen sekretu guztiak argitzeko. Maiatzaren 4an, ostera, Un Bilbao para morirse: el botxo en la ficción berbaldia emongo dabe Joker liburudendan.

Bilboko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia, FANT, maiatzaren 6an hasiko dan arren, aurretik beste jarduera batzuk antolatu ditue, esate baterako, Morirse en Bilbao erakusketea. Beste erakusketa bi be badakarz FANTek aurten: Vía de Fuga kafean, apirilaren 24tik maiatzaren 30era, Stop & Be Friendly II erakusketa dago ikusgai, Jorge Ronda ilustratzaile eta margolariaren personaien eta irudi fantastikoen marrazki sortea. Apirilaren 30ean, Fnac-en, Batman. El Mundo erakusketea zabalduko dabe, Paco Rocaren jatorrizko ilustrazinoen bildumea.