Surfaren eta euskal kostaldearen arteko loturea, Bilboko Itsasmuseumen

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko mai. 14a, 08:00
Itsasmuseumeko eta erakunde publikoetako ordezkariak, erakusketearen aurkezpenean (argazkia: Itsasmuseum)

Urriaren 30era arte ikusi ahal izango da erakusketea.

Gauza jakina da surfak jarraitzaile ugari dituala Euskal Herrian eta kanpotik be zale asko etorten dirala bertoko olatuak probetan. Hori dala eta, 1960ko hamarkadatik gaur arte euskal kostaldearen eta surfaren artean egon dan lotura estuaren errepaso zabala egin dau Bilboko Itsasmuseumek Surfing Euskadi erakusketearen bidez. Urriaren 30era arte egongo da zabalik.

Bederatzi ataletan banatutako ibilbide baten bidez ezagutuko ditue bisitariek Euskal Herriaren eta surfaren arteko hartu-emonen alderdi ugari. Lehenengo geldialdian, olatu ikusgarrien argazkiak eta surfak gure kostaldean egindako lehenengo pausuen azalpenak datoz.

Aitatzekoa da Itsasmuseumera eroan daben surf-taulen bildumea. Euskal kostaldean erabili ziran lehenengo modeloak dagoz, baita diseinu bitxi edo barritzaileak be. Hasiera batean, Biarritzen egiten ziran taulak, baina 1960ko hamarkadan Patxi Olidenek tailerra zabaldu eban, Hegoaldeko lehenengoa. Skate taula batzuk be eroan ditue Bilbora, modalidade hori betidanik egon dalako surfagaz lotuta.

Erakusketearen hurrengo ataletan autortzea egiten jake euskal surfa goi mailara eroan dabenei. Batetik, surflari ospetsuen erretratuak dagoz eta, bestetik, surf eskolen likrazko elastikoen bildumea. Ondoren, mapa baten ikusi geinkez surfa egiteko hondartzarik aproposenak.

Basquetour da erakusketearen babesleetako bat (Laboral Kutxa da bestea), eta horko zuzendari Daniel Solanak azpimarratu dau turismoa erakarteko nahitaezko elementua dala surfa. EAEn, surfa egiteko modua emoten daben 14 udalerri dagoz, 47 olatu klasifikadu eta bost helmuga bereizgarri, Basquetourren zerrendearen arabera.

Baina aisialdiagaz eta kirolagaz ez eze, arteagaz be lotuta egon da surfa aspalditik. Horregaitik, erakusketearen hurrengo atalean aldizkari, kartel eta iragarki artistiko ugari dagoz. 1980ko hamarkadan argitaratutako binilo bat be ikusi leiteke.

Industriari jagokon atalean, neoprenoa eta oholak egiten dituen euskal lantegien barri emoten da eta ezin ahaztu olatu artifizialak eta surf parkeak egiten dituan WaveGarden enpresea be, Aizarnazabalen dago eta.

Kontuak kontu, surfak 1960ko hamarkadatik euskal gizartean, aisialdian, kirolean eta ekonomian izan dauen eragina ezagutzeko aukera parebakoa da Itsasmuseumeko erakusketa barria. Era guztietako zaleak dituan kirola da, eta horren erakusgarri da surf inklusiboari eskainitako atala.