Mikel Urdangarinen kantuak egokituko ditu BOSek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko mai. 18a, 08:41

Diskoa grabau eta zuzeneko kontzertuak joko ditue alkarregaz.

Urteurren bik egin dabe bat aurten: BOS, Bilboko Orkestra Sinfonikoak egun urte bete ditu; Mikel Urdangarinek, ostera, 25 urte daroaz oholtzarik oholtza. Efemeride biak ospatzeko asmoz, 100/25 BOS-Mikel Urdangarin proiektua ipini dabe martxan alkarregaz. Disko bat eta kontzertu-birea izango dira lankidetza horren emoitza esanguratsuenak.

Mikel Urdangarinen kantu ezagunak orkestrearen formatura egokituko ditu BOSek, 25 urteotan zaleek hain gustoko izan dituen doinuak beste era batean aurkezteko asmoz. Bingen Mendizabalek aukeratu eta egokitu ditu 13 abesti; beste bi, Koldo Uriartek eta Fernado Velazquezek. Iker Sanchez de Silva zuzendari dala, BOSeko musikariek interpretau eta grabauko ditue, Urdangarinegaz batera.

Bilboko Aste Nagusian, abuztuaren 20an, joko dabe kontzertu berezietako bat Urdangarinek eta BOSek. Getxoko Muxikebarrin be emonaldi bat daukie adostuta, eta laster hitzordu gehiagoren barri emoteko moduan izango dira. Diskoa bera be uda partean grabauko dabe.

Musikan daroazan 25 urteak ospatzeko ekitaldien barruan sartu dau Urdangarinek proiektu barri hau. Urteurrenerako atondu dituan jarduera guztien artean garrantzitsuena dala adierazo dau, Bilbon egindako aurkezpenean.

Urdangarinegaz batera, agerraldi horretan izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao, Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Ibon Aranbarri, Bingen Mendizabal musikaria eta Iker Sanchez Silva zuzendari eta konpositorea. Proiektuan parte hartuko daben musikari batzuk eta Bapo Bapo Produkzinoak etxeko ordezkariak be han izan dira.

25 urteko ibilbidea dauen kantariaren eta ehun urte dituan gure orkestrearen talentu sendoaren erakusgarria izango da egitasmoa, adierazo dau Lorea Bilbaok. Euskal musikearen erreferente bi alkartuta, eskuzabaltasunez eta profesionaltasunez euren talentua eta esperientzia batu eta herritarroi aparteko esperientzia bat eskainiko deuskuela ganeratu dau.

BOSeko Ibon Aranbarriren arabera, Mikel Urdangarinegaz egitasmo honi ekin izana euren mendeurreneko ekintzarik garrantzitsuenetako bat da: Euskal musika garaikidearen ordezkari handienetako bategaz lankidetzan ibiltea harro egoteko modukoa da.

Urdangarin bera be pozik agertu da, proiektu hau bere ibilbidean mugarria izango dalako. Alkarlan ezohikoa da, amesa zalantza barik, eta salbuespen handiek merezidu daben arreteagaz erantzungo dogu, ziurtatu dau zornotzarrak. Mendeurrena bete dauen orkestreagaz kanteteak orain arte ezagutu bako leku batera daroa nire kantutegia eta aukera hau aprobetxau behar dogu ikuskizun gogoangarria osotzeko.

Bingen Mendizabalek egindako orkestrazinoa be txalotu dau Urdangarinek, horrek amesa are ederragoa bihurtzen dauelako.

Honenbestez, Mikel Urdangarinek bete-betean ospatuko dau bere ibilbidearen mende laurena. Izan be, proiektu barri honen kontura etorriko diran kontzertuez eta diskoaz gan, lehendik be hitzartuta ditu emonaldi ugari, bai Euskal Herrian eta bai kanpoan be. Hurrengo aste eta hileetan Madrilen, Bartzelonan, Burgosen, Londresen, Ameriketan eta Japonian ezagutu ahal izango dabe kantautore zornotzarra, besteak beste.