BilbaoArtek espazio barria izango dau Abandoibarran

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko eka. 6a, 16:00
Gonzalo Olabarria, Juan Mari Aburto eta Javier Riaño (argazkia: Bilboko Udala)

Zentroaren bildumea gordeteko eta erakusketak egiteko erabiliko dabe.

Mende laurena beteko dau datorren urtean BilbaoArtek eta nobedade handiak izango ditu urteurrenean. Bilboko Udalagaz batera egindako aurkezpenean iragarri dabe espazio barria zabalduko dauela BilbaoArtek Abandoibarran, uriko museorik ospetsuenak dagozan lekuan. Urazurrutia kaleko egoitza nagusiaren osogarri izango da.

Udaletxean egindako agerraldian emon dabe proiektu horren barri. Juan Mari Aburto alkatea, Gonzalo Olabarria zinegotzia eta BilbaoArteko zuzendari Javier Riaño izan dira bertan. 25. urteurrenerako urtebete pasautxu falta dala, zentroak beharrezkoa izan dau halako zabaltze eta barritze bat, agerraldian azaldu dabenez.

Abandoibarrako eraikin barrian egingo ditue BilbaoArten dabizan artisten erakusketak. Era berean, zentroaren bilduma gero eta handiagoa gordeteko lekua izango da. Bilbotarrak eta bisitariak errazago heldu ahal izango dira udal zentro honen erakusketetara eta fundazinoaren bildumako fondoetara, adierazo dau Aburtok.

BilbaoArteko arduradunek leku gehiago eskatzen izan dabe, hango jarduerea gero eta handiagoa dalako. Aburtok beharrizan hori egon badagoala onartu dau: Eraikina txiki geratzen hasita dago, aspaldiko urteotan kudeatzen dauen jarduera artistiko guztia kontuan izanda. 1998an sortu zanetik bilakaera itzela izan dau zentroak eta artistek mugak izan ditue.

Jardun artistikoagaitik ez eze, bildumako obrak gordeteko be beharrezkoa da eraikin barria. Gaur egun, 500 obra inguru ditu BilbaoArteren fondoak eta urtero handik pasetan dan artista piloa kontuan izanda, bizkor hazten da. Bildumako obrak gorde eta lantzean behineko erakusketetan erakutsiko ditue Abandoibarran.

2023ko zidarrezko ezteietrako, BilbaoArteren funtzionamendua egokitzen eta gaurkotzen dabizala azaldu dau Javier Riaño zuzendariak. Abandoibarrako egoitza barria zabaltzeaz gan, Urazurrutiakoari fatxada barria ipiniko deutse. Zentroaren norabide barrian, bestetik, artistea erdigunean ipiniko dabela dino Riañok.

Asmo hori beteteko, gogoetarako mahaiak egin ditue oraintsu, eta hortik sortu da BilbaoArteren etorkizuna zehaztuko dauen lantalde bat, disziplina ugaritako artistakaz: Luis Candaudap, Ramón Churruca, Fermín Moreno, Ixone Sádaba, Zuhar Iruretagoiena eta Blanca Ortiga.

BilbaoArteren planteamendu artistiko barrian, artisten profesionalizazinoa izango da lehentasuna, zentroko lantegi eta estudioetan sortutako kalidade goreneko obren bidez, adierazo dau Riañok. Arte gazte, konprometidu eta garaikidearen aldeko apustua egingo dogu.