XVIII. Lekuz Leku Bilboko Itsasadarraren ertzean egingo dabe

Erabiltzailearen aurpegia
Ertza konpainiak 'Dye Dye' ikuskizuna aurkeztuko dau Lekuz Lekun.

Bagilaren 22tik 25era, jantza garaikideko dozena bat saio egongo dira.

Aurreko urte bietan, pandemiaren eraginez, Deustuko La Fundicion aretoaren terrazan baino ezin izan ziran egin Lekuz Leku jaialdiko ekitaldiak, baina, aurten, barriro espazio zabalagoak hartzeko prest dator. Abandoibarra ardatz, Bilboko Itsasadarraren ertzean egingo ditue saioak, bagilaren 22tik 25era, handik pasetan diran herritar eta bisitariak harrituta ixteko asmoz.

Jantza garaikidea eta bideo-jantzea uriguneetara eroatea helburu dauen Lekuz Lekuk 18. edizinoa beteko dau hileon. Dozena bat ikuskizun dakarz egitarauak, Abandoibarra inguruko txoko berezietan: Arrupe pasabidearen azpian, Jitoan eskulturearen alboan, Evaristo Churruca kaian... Globo zuri handi bat ibiliko da airean, momentu bakotxean ekitaldiak non dagozan erakusteko.

Bertoko zein kanpoko jantza garaikidearen ikuspegi orokorra emotea izan dabe gogoan La Fundición aretokoek aurtengo egitaraua atontzeko orduan. Ertza konpainiak eta Daniel Hernandezek euren proposamenik barritzaileenak ekarriko ditue Bilbora. Atzerriko taldeen artean, aitatzekoa da Pablo Girolamiren agindupean dagozan Italiako Ivona eta Poloniako Hoteloko.

Vanesa Aibarrek eta Down sindromea dauen Helliot Baezak El espejo ikuskizuna aurkeztuko dabe Lekuz Lekun, integrazinoaren aldeko aldarrikapena dakarren piezea. Bestetik, Kubako Jantza Konpainia Nazionalean ibilitako Denis Martinezek ugarte haretako erritmoak erakutsiko ditu, publikoaren parte-hartze eta guzti.

Aire zabaleko jarduerakaz batera, areto barrukoak be egongo dira aurtengo edizinoan. Batetik, hilaren 22an, XVIII. Lekuz Leku inaugurauko dabe Euskal Herriko Arkitektoen Alkargoaren egoitzan (Mazarredo zumarkalean), hainbat proiekzino batuko dituan bideo-jantza emonaldian. Bestetik, Deustuko La Fundición aretoan, Arte Póvera konpainiak Claustros emonaldia eskainiko dau 23an.

Ganera, jaialdiaren barruan, Dance Highways topaketea egingo dabe Bilbon. Europako proiektu horrek sei herrialdetako kultur aholkulariak eta artistak batzen ditu euren esperientziak konpartiduteko. Oraingoan, Italia, Frantzia, Alemania, Polonia eta Norvegiako profesionalak Bilbora etorriko dira Lekuz Leku, La Fundición eta euskal artistak ezagutzen.

Jaialdiko ekimen guztiak dobakoak izango dira. Hori gitxi ez,eta bagilaren 24 eta 25ean Abandoibarran egingo diran ikuskizunen ondoren, konpainiak eta publikoa La Fundicionera konbidauko ditue, han egingo diran afari informaletara.

Egitarau osoa hemen.

Denis Martinez Kubatik Bilbora etorriko da.