La Oreja de Van Gogh, Viva Suecia, Pasion Vega eta Victor Manuel Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia

100/25 BOS-Mikel Urdangarin, abuztuaren 20an.

Bilboko Udalak, Abandoibarrako eta Europa Parkeko gaualdietan abuztuaren 20tik 27ra, 23:30etik eta 00:00etatik aurrera, hurranez hurran, erreleboa hartzen joango diran lehen mailako musika talde eta artisten kontzertuen barri emon dau.

Abandoibarra, 23:30ean

Mikel Urdangarinek eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskainiko dabe kontzertua, abuztuaren 20an, 100/25 BOS-Mikel Urdangarin proiektuagaz. Proiektu horren ardatza kantautore euskaldunaren hamabost kantu enblematiko orkestrarako moldatzea da.

Ondoren, Víctor Manuel, kantautore espainiar beteranoa eta musika eta zinema-produktorea etorriko da abuztuaren 21ean, 75. urteurreneko Tourragaz, hau da, La vida en canciones (El escenario lo cura todo).

Abuztuaren 22an, rockaren klasiko batek hartuko dau lekukoa, ordu eta leku berean: El Drogas. 80ko hamarkadan sortu eban Barricada taldearen 40. urteurrena ospatzeko, musikariak talde nafarraren abestiz osotutako errepertorioa joko dau.

Abuztuaren 23an, barriz, Viva Suecia indie rock musika taldeak emongo dau kontzertua. Urtearen hasieran taldeak La Voz del Presidente azken albuma estreinau eban eta diskoko kantuak eskainiko ditu Bilbon.

Hurrengo egunean, abuztuaren 24an, La Oreja de Van Gogh taldeak bere Un susurro en la tormenta birearen barruan joko dau.

Eszenatoki bera, Guggenheim Bilbao Museoaren itzalpean, eguen gauean, abuztuaren 25ean, Bulego talde euskaldunak emongo dau kontzertua.

Ondoren, barikuan, abuztuaren 26an, boyband Auryneko kide izandako Dani Fernándezen ahots urratua helduko da.

Abandoibarrako eszenatokiko kontzertuen zikloa Pasión Vegak zarratuko dau, zapatuan, hilaren 27an, Todo lo que tengo, lana eskainiko dauelarik.

Europa Parkea, gauerdian, hilaren 24tik aurrera

Udalak baieztatuta zituen Txurdinaga auzoko Europa Parkeko zenbait kontzertu eta ikuskizun, besteak beste, Ana Menarena abuztuaren 24an.

Agertoki horretako beste ikuskizunetako bat Los 40 principales-ek hilaren 25ean proponiduko dauena: Oscar Martinez eta Leo Rizzi abeslariaren eta Ainhoa Buitrago abeslariaren eskutik.

Kartelean En Tol Sarmiento (ETS) be izango da, EITB Taldeko Gaztea irratiaren eskutik, barikuan, hilaren 26an. Aste Nagusiko azken gaua, hilaren 27an, Megastar Coperen txandea izango da, Sergio Blazquez DJagaz, izan be, gau horretan Zoilo, Adexe & Nau, Sweet California, Mike Goldman, Cuban Deejays, César AC eta Dj Garabato igaroko dira Bilbotik.