Alex Aginagalde

"Eduki arrakastatsuak euskeraz egotea funtsezkoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Dabi Piedra 2022ko abu. 31a, 09:00

Hau Pittu Hauren txosnan saria jasoten

Hau Pittu Hau konparseak Euskara Saria emon deutso Pantailak Euskaraz plataformeari, Bilboko Aste Nagusiaren barruan egindako ekitaldian. Euskerearen alde alkarte zein norbanakoek egindako lana autortzea da urteroko sari horren asmoa.

2021ean sortu eben Pantailak Euskaraz mobimentua ikus-entzunezkoetan euskereak dauen leku urriagaitik arduratutako hainbat lagun eta eragilek. Pantailek gure bizimoduaren erdigunea hartu daben ezkero, euskereak be bertan egon behar dauela uste dabe, eta eztabaida hori gizarteratu. Bertako kide Alex Aginagaldek azaldu deuskunez, euskerearen erabilereagaz lotu-lotuta dago ikus-entzunezkoak euskeraz konsumiduteko aukerea eta erakunde publikoen zein enpresa pribaduen borondatea ez eze, lege eraginkorrak behar dirala dino.

1.- Pantailak euskeraz nahi dozuez, hau da, ikus-entzunezkoen eskaintza duina egotea gure hizkuntzan. Zergaitik da inportantea zuen aldarrikapena?

Ardura batean oinarrituta agertu zan aldarrikapena, hau da, aisialdia zein hizkuntzatan bizi dogun, horrek eragin sakona dauela hizkuntzearen erabileran. Aisialdia gaztelaniaz egiten badogu, gaztelaniaz gehiago berba egiteko jokerea izango dogu, euskerearen kaltetan. Eta gaur egun zer pasetan da? Ba aisialdiaren zati handi bat pantailen bidez egiten dogula, ikerketen arabera batez beste egunean 11 ordu inguru pasetan doguz pantailei begira: telebista, streaming plataformak, sare sozialak... Hortaz, egoera horrek arduratzen gaitu. Hainbat eragile batu ginan Pantailak Euskaraz sortzeko, esate baterako, Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Tinko alkartea eta bikoiztaile euskaldunen plataformea. Indarrak batu eta pantailen erronkeari era bateratuan aurre egiten deutsagu orain.