Dozena bat kontzertu Bilboko Musikauzo programan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko ira. 2a, 08:00

Irailaren 3tik 25era, auzorik auzo ibiliko dira bertoko taldeak.

Uriko barruti guztietako kale eta plazak musikaz alaitzeko helburuz dator Musikauzoren 2022ko iraileko edizinoa, hil horren 3an hasi eta 25era arte, Bilboko Udalak aurreratu dauenez. Bertoko hamar talderen hamabi kontzertu dagoz egitarauan, horreetako bik egun bitan joko dabelako. Dobakoak izango dira saioak.

Hur-hurreko formatu honi esker, Bilboko publikoak hemen egiten dan musikea eta dagozan musikariak hobeto ezagutu ahal izango ditu. Era berean, auzoetara programazino musikal atsegin eta askotarikoa eroateko modua da.

Lehenengo kontzertua, Atxuriko Enkarnazino plazan izango da, irailaren 3an, 20:00etan. Reggae-dub estiloa lantzen dauen Ziztada&Erlantz bikote artistikoa arduratuko da Musikauzo zabaltzeaz, euren ibilbidearen errepasoa egiten dauen errepertorioaren bidez. Gai sozialak, ikuspegi alternatiboa eta aldarrikapen indartsuak dira bikotearen ezaugarriak.

Hurrengo kontzertuetan parte hartuko daben taldeak dira The Binilo’s, La Tokokera, Bilboko Udal Txistulari Banda & Aitor Furundarena, Deep Sea Monk, Mississippi Queen, Peru Galbete, Leonardo Alonso, Antuxuna Ta Patx eta Starblues. Beraz, danetariko estiloak dagoz aukeran, tartean rock, folk, blues, jazz eta tangoa.

Musikauzoko kontzertuek Atxurin hasiko dabe ibilbidea, eta irailaren 25ean amaitu Leonardo Alonsok Altamira auzoan egingo dauen saioagaz. Indautxun, Arabellan, Elorrietan, Zurbaranbarrin, Basurtun, Begoñan, Masustegin eta Uretamendin be egongo dira kontzertuak.