Pantailaldia egingo dabe zemendiaren 11tik 18ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko urr. 27a, 08:00

Ikus-entzunezkoak euskeraz konsumiduteko ohiturea zabaltzea da asmoa.

Euskaraldiaren bezperatan, antzeko ekimena ipiniko dau martxan Pantailak Euskaraz plataformeak, baina ikus-entzunezkoetako konsumoa ardatz: Pantailaldia. Zemendiaren 11tik 18ra, ikus-entzunezkoak euskeraz konsumidutean edo sortzean izandako bizipenak eta trabak konpartiduteko  deia egin dabe, Ikus-entzunez ekiteko garaia lemapean.

Telebistan, zineman, ordenagailuan edo eskuko telefonoan ikusitako euskerazko edukien barri emoteko, sare sozialetan #Pantailaldia traola erabilteko eskatu dabe kanpainearen bultzatzaileek. Era berean, sare sozialetako perfiletan Pantailaldiaren ikurra ipinteko deia zabaldu dabe, zemendiaren 11tik 18ra.

Pantailaldian izena emoteko, hemen.

Pantailak Euskaraz plataformako kideek azaldu dabenez, helburu nagusi bi ditu Pantailaldiak. Lehenengoa, euskerazko ikus-entzunezko edukiak gehiago erabiltea. Erderazkoen aldean gitxi diran arren, aukerea badago plataformetan, zineman, bideo-jokoetan, telebistan eta halakoetan euskeraz konsumiduteko, bertoko sortzaileen ahaleginari edo bikoiztutako produktuei esker. Horreen alde egitera bultzatu nahi ditue euskaldunak.

Bigarren helburua aldarrikapenagaz eta salaketeagaz lotuta dago: euskerazko ikus-entzunezkoak konsumiduteko dagozan trabak eta hutsuneak agirian ixtea. Pantailaldian euskerazko edukiak baino ez konsumiduteko eskatu deutse herritarrei, eta horretarako dituen zailtasunen barri emoteko.

Inkestek eta kale-neurketek erakusten dabenez, azken urteotan behera egin dau euskerearen erabilereak, eta jatsierea nabarmenagoa da arnasguneetan. Pantailak Euskaraz ekimenekoen ustez, pantailek gizartean daben leku gero eta zabalagoak eragina dau datuetan. Ikus-entzunezkoetan euskereak leku txikia dauenez, erabila orokorrari kalte egiten deutso horrek. Hortaz, ikus-entzunezkoetan euskerazko eduki gehiago egotea eta konsumitzaileek horreen alde egitea ezinbestekotzat dabe.