BilbaoArten 'Ateak zabalik' erakusketea abenduaren 1etik 9ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko aza. 30a, 08:54
Santiago Fernandez Honrubiaren artelanak dagoz erakusketan (argazkia: BilbaoArte)

Aurten zentroan ibili diran artista guztiek lanak ikusi ahal izango dira.

2022an BilbaoArte zentroan bekadun ibili diran artista guztien obrak batuko ditue abenduaren 1etik 9ra, ate edegien kontura atonduko daben Ateak zabalik erakusketan. Era horretara, jente guztiak ikusi ahal izango dau aurten Bilboko Urazurrutia kaleko egoitzako tailerretan landu diran proiektuak eta egin diran gogoetak.

Erakusketa-aretoak eurak ez eze, laneko estudioak eta BilbaoArteko beste areto batzuk be hartuko ditu erakusketeak. Izan be, obra ugari dagoz erakusteko: 26 artista eta kolektibo bi ibili dira aurten zentroan lanean, beka eta laguntzinoei esker.

Abenduaren 1ean inaugurazinoa egingo dabe, 19:00etan. Bertan izango dira BilbaoArteko arduradunak, artistak eta zale ugari. Bisitariei katalogoaren ale bana emongo deutse. Ate edegien erakusketako proposamen artistikoen azalpena, BilbaoArteren Produkzinorako Laguntzinoetan parte hartzen daben sortzaileen lanak eta 2022an zentroan egin diran jardueren laburpena dakarz katalogoak.

Abenduaren 2tik 9ra, ohiko ordutegian zabalduko dabe BilbaoArteko erakusketea: 17:30etik 20:30era (jaiegunetan zarratuta). Ganera, abenduaren 5ean, 7an eta 9an ibilbide gidatuak egingo ditue (17:30ean eta 19:00etan).

Sartzea doban da eta bisitaldietan parte hartzea be bai. Dana dala, bisitetarako erreserbea egin behar da, 615 73 42 74 telefonoan, goizez, abenduaren 2ra arte.

Honeek dira Ateak zabalik erakusketan parte hartzen daben artista eta kolektiboak: Maider Aldasoro, Daniel Alegrete González, Leyre Arraiza, Art Builders Group, Iván Beltrán, Marta Beltrán, Javier Bravo De Rueda, Lu Chamorro, Maite Choya Robredo, Silvia Coppola, Mar Cubero, Gabriela Cuestas Gómez, Élan D’Orphium, Santiago Fernández Honrubia, Ada Garrués, Salva G. Ojeda, José Félix Glez. San Sebastián, Paula Guerrero & Bruno Delgado Ramo, Iratxe Hernández Simal, Manuela Inclán, Jimena Kato, Gala Knörr, Idoia Leache, Ara Méndez Murillo, Estela Miguel Bautista, Sofía Montenegro, Ventura A. Pérez eta Claudia Rebeca Lorenzo.