Kepa Junkeraren obreari gorazarre 'Berpiztu' liburu artistikoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko abe. 8a, 10:00
Argazkiak: 'Kepa Junkera Berpiztu'

Diskografia osoa, partiturak eta artista ugariren ekarpenak dakarz.

Fermin Aioren Kepa Junkera: berpiztu filmaren proiektua aurkeztu zanean, liburua be etorriko zala aurreratu eben. Pelikulea jaialdietan estreinau dabe eta, zinema-aretoetara heldu barri, proiektuaren beste partea, liburuarena, falta izan da. Baina dagoeneko prest dago Berpiztu, Kepa Junkeraren sorkuntzearen alderdi guztiak batzen dituan 260 orrialdeko argitalpen elebiduna.

Bilboko Arte Eder Museoan aurkeztu dabe Berpiztu, izatez, liburu artistikoa dalako. Edukiak eta testuak ez eze, formeak be pisu handia dau. Ekitaldian agertu da Kepa Junkera bera, 2018ko iktusak itxitako ezintasunak agirian, baina poz-pozik, eta liburua sortzen lagundu daben guztiei eskerrak emoteko gogoz.

Kepa Junkeraren ibilbide musikal oparoa ezagutu nahi dabenarentzat erreferente bihurtuko da liburua aurrerantzean. Izan be, orririk orriko errepasoan batu ditue bilbotarraren diskografia oso-osoa, baita berak egindako 400 kantu ingururen partiturak ikusteko bidea emoten dauen QR kodea be. 

Produkzino artistikoa ez eze, Junkeraren alderdi personala, munduaren ikuspegia eta lagunak be aitatzen ditu liburuak. Joseba Martin kazetaria arduratu da testuak idazteaz, baina artistea ezagutzen daben lagun, senide, kolaboratzaile eta lankide ugariren berbak be irakurri geinkez. Xabier Amurizarena da berbaurrea.

Kalidade handiko lan grafikoak dira liburuaren beste ezaugarri deigarri bat. Junkeraren hurreko 40 sortzailek egin ditue marrazki, pintura, argazki eta halakoak, musikariaren omenaldi lez. Mari Puri Herrero, Miren Asiain, Mikel Urmeneta, Yolanda Mosquera, Gaizka Peñafiel eta beste asko dira.

Hasieran liburuxka apala izango zana kilo biko liburu lodi eta mamintsu bihurtu da, parte hartu daben lagun eta sortzaile guztien ekarpenari zein Kepa Junkeraren ekimenari esker. Iktusaren ondorioak larriak izan arren, Junkera sortzeko eta gauza barriak probetako gogoz dago oraindino, eta liburu honetan be igarten da.