Arte Eder Museoak azkenaldion eskuratutako 14 obra erakutsiko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2022ko abe. 22a, 09:14
Ramon Zubiaurre, 'Urteerea' (c. 1920, zirriborroa)

Zubiaurre, Guinea, Ameztoy eta beste askoren artelanak dira.

Bilboko Arte Eder Museoaren bildumea aberasteko bide nagusia dira dohaintzak eta legaduak. Aurten eta igaz era horretara jaso dituan obra guztietatik 14 aukeratu eta eraikin zaharreko 17. aretoan ipini ditue ikusgai. Modu horretara, dohaintzen bidez azkenaldion heldutako obren lagin interesgarria ezagutu ahal izango dau publikoak.

Aurten jasotako artelanen artean, danetariko autore, estilo eta sasoietakoak dagoz eta hori erakusten ahalegindu dira erakusketan. Ikusgai dagoan obrarik zaharrena 1600. urtearen bueltakoa da (Giovanni Batista Toscanoren Jesus Herodesen aurrean koadroa), baina gehienak XIX. mendearen amaierakoak edo XX.ekoak dira.

Jacob van Sandrart alemaniarraren 1672ko grabadua aitatzekoa da. Artistea Bilbon ibili zan 1661etik 1672ra eta, hortaz, lehen planoan agiri dan erretratuaren atzean Bilboko paisaje bat agiri da. Horrek balio handiagoa emoten deutso bilduma pribadu batek Arte Eder Museoari egindako dohaintzeari.

XIX. mendearen artearen ordezkari, koadro bi dagoz erakusketan. Eduardo Zamacois eta Anselmo Guinearenak dira, sasoi haretako artista bizkaitarren ordezkari nagusietako bi. Ramon Zubiaurreren 1920ko Urteerea pinturearen zirriborroa be ikusi geinke.

XX. mendearen hasierako atzerriko artistei jagokenez, Lee Miller eta Mark Tobey estadubatuarren obrak aukeratu ditu museoak, baita autore anonimodun konposizino surrealista bat be. Mende horren amaierakoen artean, José Guerrero, Lucio Muñoz, Bonifacio, Vicente Ameztoy, Juan Carlos Eguillor eta Albert Oehlen topauko doguz.

Arte Eder Museoaren sorreratik bertatik, dohaintzak izan dira bildumea zabaltzeko bide nagusia. 2001ean fundazino bihurtu zanetik, jokera hori nabarmena izan da: dohaintzetatik eskuratutako piezak erositakoak baino % 76 gehiago dira.

Jacob von Sandrart, 'Johann Gollingen erretratua' (1672).