Bilboko Zirkuitua, urtarrilaren 12an hasiko da, Errekaldeko Udaltegian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2023ko urt. 5a, 10:00

Auzoetarako dobako dozena bat antzerki-proposamen izango dira.

Bilboko Zirkuituaren XXIII. denporaldia Bilboko auzoetara bueltauko da urtarrilaren 12an. Bilboko Udalaren ekimena da, Bizkaiko uriburuko eta inguruko antzerki-taldeen jarduerea sustatzen dauena; talderik gehienak amateurrak edo erdiprofesionalak dira.

Hainbat udaltegitan (Altamira, Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako Udaltegiak eta Solokoetxe Institutua), eguenero, maiatzaren 11ra arte, sortzaile barrien lana erakutsiko da eta uriko antzerki-taldeek bilbotarrakana eroango ditue euren proposamen eszenikoak, doban.

Edizino honetan ondoko konpainia honeek hartuko dabe parte: La Pacheca Collective A solas con el Emérito lanarekin; Las Klownkis Ya pasó lanagaz; Libélula Teatro Conversaciones con mamá lanagaz; Skené Teatro La casa de Bernarda Alba lanagaz; Kamerino Teatro La felicidad no está en los mapas lanagaz; Amets Bete Pareja abierta lanagaz; La Companyia Del Bac Kiero ser vasco: ¡palabra de catalán! lanagaz; eta Luna Llena ¡Porque me oprime el corsé! lanagaz. Aurten parte izango dira mikroantzerkiko proposamenak be: Potemkin-Erein Kolektiboaren Esto ha venido para quedarse, Kásperle Teatroren El diablo moderno eta Resisten Cía-ren Larvä.

2023an, Bilboko Zirkuituan parte hartzen daben obra guztiak programauko dira lehen aldiz programa honetan, Potemkin eta Erein Kolektiboaren antzerki laburreko piezak izan ezik. Horreek barriro programauko dira San Frantziskon (urtarrilak 26) eta Errekalden (maiatzak 11), aurreko edizinoan izan eben erantzun bikaina ikusita.

Horrezaz gan, umoreak presentzia nabarmena izango dau 2023an: La Pacheca Collective-ren A solas con el emérito, stand-up comedy estiloko bakarrizketa eta errege emerituaren antz susmagarria daukan umorista bati buruzkoa dena: haren esperientziak, pasadizoak eta esamesak (urtarrilaren 12an eta zezeilaren 16an Errekaldeko Udaltegian eta Solokoetxeko Institutuan, hurranez hurran). La Companyia Del Bac taldearen Kiero ser vasco: ¡palabra de catalán!, bakarrizketa komikoa. Protagonista euskaldun izateko baldintza guztiak beteten dituala frogatzen saiatzen da, katalana izan arren (martiaren 9an eta apirilaren 27an Basurtoko eta Zorrotzako udaltegietan, hurranez hurran). Eta Las Klownkis-en Ya pasó (zezeilaren 2an Otxarkoagako udaltegian eta apirilaren 20an Basurtun).

Azkenik, Bilboko Zirkuituak maiatzaren 4an Begoñako Udaltegira Luna Llena-ren eskutik helduko dan hitzordua nabarmendu dau programazinoaren barruan. Konpainiak 25. urteurrena beteko dau eta presente egongo da programa honetan ¡Porque me oprime el corsé! obra barriagaz. Trenean egindako bidaia da, gure amen eta amonen memoria femeninoaren bidez, izan be, horreei, batzuetan, erreminez begiratzen deutsegu, inoiz zoriontsuak edo libreak izan ez dirala uste dogulako.

Lan bakotxari buruzko informazino guztia hemen.

Bilboko Zirkuitua

Helburuak bi dira: Bertoko sortzaileak bultzatzea eta antzerkia uriko auzoetara hurreratzea. Programa honen bidez, antzerki eta jantza-talde barriei aukerea emoten jake euren lana taularatzeko eta jentaurrean erakusteko.

Gainera, aukera parebakoa emoten deutse herritarrei uriko eta inguruetako proposamen artistiko barri eta freskoenak gozetako.

Udal programa honek, bestalde, uriko kultur eskaintza deszentralizau gura du, izan be, ia auzo guztietara zabaldu da. Orain hamarkada bat baino gehiago martxan jarri zanetik, eskaintzea handituz joan da, saio gehiago eskainiz eta agertoki gehiagotara helduz.

Ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadin bere arloan. Gainera, asko dira urte horreetan guztietan eremu profesionalera salto egin daben konpainiak.