Emakumeak Biltzarra, Euskalduna Jauregian, urtarrilaren 17tik 20ra

Erabiltzailearen aurpegia

Emakumeen ikusgaitasuna eta bardintasuna aldarrikatuko ditue.

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen eta feminismoaren inguruko topaketa handia atondu dau, Emakumeak Biltzarra, kulturgintzako, politikagintzako eta gizarteko jente ezagunagaz. Urtarrilaren 17tik 20ra egingo dabe, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak, Teresa Laespadak, emon dau biltzarraren nondik norakoen barri. Urtea hasteko, Bizkaia kolore morez, feminismoaren moreagaz marraztuko dabela dino: emakumeok protagonismo osoa izango dogu agenda feministeari, ekonomia feministeari eta askatasun afektibo-sexualari buruzko gogoetea egiteko.

Zehaztu dauenez, gizarte osoari edegitako hitzordua izango da, baita gizonei be, baina protagonismoa emakumeena izango da. Berbaldi eta topaketa nagusietan emakumeek egingo dabe berba eta, ganera, erakusketa-gunean Bizkaiko emakumeak ardatz dituen argazkiak ikusi ahal izango dira.

Bertoko eta kanpoko konbidadu ugari ekarriko ditue, batzuk ezagun-ezagunak: Ségolène Royal, Frantziako ministro ohia; Fawzia Koofi, Afganistango politikaria eta ekintzailea; Ana Peláez, Emakumearen kontrako Bazterkeria Ezabatzeko Nazino Batuen Batzordeko buruordea; Cecilia Castaño, Politika Zientzietan doktorea eta Ekonomia Aplikaduan katedraduna; Ana de Miguel, Filosofia Moraleko irakaslea; Sindy Takanashi, komunikatzailea eta dibulgatzailea; Rosa María Calaf eta Paloma del Río kazetariak; Mabel Lozano zinemagilea; Nuria Varela idazlea; Ane Legarreta orkestra-zuzendaria; Elena Arzak sukaldaria; eta Izaro eta Christina Rosenvinge kantariak.

Bardintasun gehiago behar dogu, feminismo gehiago, dino Laespadak. Emakumeak Biltzarra beste pausu bat da. Emakumeok gure eskubide eta askatasunen aldeko burrukan egin dogun bidea orain dala mende batzuk hasi zan, aurrerapen asko eta atzerapauso batzuk izan dira, ezer ez dago amaituta.

Biltzarraren inaugurazinoa urtarrilaren 17an izango da, arratsaldean, eta hilaren 18tik 20ra egingo ditue jarduera gehienak. Egitaraua ikusteko eta izena emoteko, hemen.