Bilboko 2023eko Aratusteetako kartela aukeratzeko epea urtarrilaren 17an hasiko da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie 2023ko urt. 17a, 16:47

Uriko 2023ko Aratusteak zezeilaren 17tik 21era ospatuko dira.

Jaion irudi ofiziala izateko lehiatuko diran sei kartel finalistak dira: Danza de Disfraces coloridas, Don Diego Carnaval, Ikonoa, Sardinitas por aquí, Sardinitas por allá, Carnacalles eta B de Bilbao.

Hilaren 17tik 23ra kartel gustukoenaren alde botoa emoteko aukerea egongo da, aurrez aurre Abandoko Barrutiko Udaltegian eta online, Bilboko Udalaren webgunean.

Halaxe erabagi dau epaimahaiak (Itziar Urtasun, Jai Batzorde Mistoko presidentea eta Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Carlos David Garcia zinegotziak; Ioritz Varona, Bilboko Konparsak erakundeko ordezkaria, Esmeralda Hernando blogari eta dibulgatzailea, Aitor Arakistain, BilbaoArteko irudi digitalaren tailerreko maisua; Alicia Fernández, Rekalde Aretoko zuzendaria; Itsaso Jubeto, Txurdinagako Merkatarien Alkarteko ohorezko presidentea eta Cristina Guezuraga, Sirope agentziako sorkuntza arloko zuzendaria).

Epaimahai hau arduratu da kartel finalistak aukeratzeaz eta hemendik aurrera, herritarren botoak tarteko, kartel irabazlea hautatuko da. Bilboko Udalak murrizketa barik berreskuratu dau urteko jairik alai eta informalena, rolak eta estereotipoak baztertu eta aniztasuna lehentsi dauen deialdi berri baten bitartez.

Kartela egitean kalidade teknikoa, lanaren originaltasuna eta aurkeztutako gaien aniztasuna dira aurkeztutako 125 karteletatik oraingo seiak aukeratzeko bultzatu dituen erispide nagusiak.

Gaur, urtarrilak 17, hasierea emongo jako kartel gustukoenaren alde botoa emoteko epeari eta hilaren 23an amaituko da. Aurrez aurre emon daiteke botoa Barrainkua kalean kokatutako Abandoko Udaltegian, baita online be, Udalaren webgunearen bitartez. Botoa emoteko, nortasuna egiaztatzen dauen agiriren bat aurkeztu beharko da: NANa, gidabaimena edo antzekoren bat.

Bilboko 2023ko Aratusteetako kartel irabazlea hautatzeko azken urratsean sistema bitarikoa erabiliko da eta herritarren botoek indar handiagoa izango dabe erabagia hartzeko orduan, azken erabagiaren % 66, hain zuzen be. Gainerako % 33 epaimahairen botoei jagoke.

Botazinoa zelan egin

Aurrez aurreko botazinoa, Abandoko Barrutiko Udal Zentroan (Barrainkua kalea 5). Kartel finalistak ikusgai egongo dira aukeraketea amaitu arte eta honako ordutegi honeetan parte hartu ahal izango da: 8:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 21:30era, astelehenetik barikura. Online botazinoa, barriz, Bilboko Udalaren webgunearen bidez egingo da.

Obra irabazlea prentsaurrekoan aurkeztuko da Bilboko udaletxean, urtarrilaren 25ean eta egileak 2.000 euroko saria jasoko dau.