Gabonetako etenaldiaren ostean, zuzeneko musikea zezeilean bueltauko da, hiru bider gainera, Bilboko BBK Salako agertokira. Lehenengo hitzordu biak hileko lehen astegoienean izango dira. Zezeilaren 4an, zapatuan, Iñaki Urangak, Mocedades taldeko kide ohiak eta gaur egun El Consorcioko kide danak, bere ikuskizuna eskainiko dau: A buenas horas.... Bilbotar abeslari ezagun eta maitatuak zuzenean barrikusiko ditu bere errepertorioa (hiru disko ditu bakarka) eta markau daben beste abesti batzuk, orain beste ikuspegi bategaz eta eskarmentu handiko bost musikariz osotutako talde bat lagun dauela.
Biharamunerako, zezeilaren 5erako, Bilbo erdiguneko Salak BBK Swing 2023 atondu dau, 20ko hamarkada zoriontsuko erritmo biziei eskainitako egun oso bat. Goizean (12:00etan), jantza-klase edegia eta bertan Little Harlem - Bilboko Swing Jantza Eskolako maisuek swing, lindy hop, charleston eta bestelako erritmo batzuk erakutsiko ditute. Arratsaldean (19:30ean), O Sister! taldearen kontzertua eta goizean ikasitakoa praktikan jarteko aukera parebakoa izango da. Sevillako seikoteak swingaren urrezko garaira jentea eroateko gaitasuna erakutsi eban 2019ko Aste Nagusian, Bilboko Plaza Barrian. Eta, batez be, genero zaleak zein neofitoak jantzan jarteko gaitasuna, jazza, ragtimea, kalipsoa nahasten dituen kantu biziei esker.
BBK Gertutik zikloa
Zezeilaren 18an, zapatuan, hileko hirugarren musika-hitzordua helduko da, BBK Gertutik zikloa, BBK Salak urtero atontzen dauen kontzertu akustikoen zikloa. Esti Markez gaztearen pop-rockagaz hasiko da, konfinamenduaren ostean, izan be, lehen diskoa argitaratu eban aitagaz, Mikel Markez gipuzkoar kantautore ospetsuagaz. Igaz, 2022an, bakarkako albuma kaleratu eban, “Hitzekin jolasean” eta euskal musikan etorkizun handiko artistatzat jo dabe.
Ondoren, martiaren 3an, Anne Etchegoyen Akitania Barriko abeslari eta konpositore ospetsuak hartuko dau lekukoa, euskerea, gaztelania, frantsesa eta gaskoia nahasten ditualarik bere konposizinoetan.
BBK Gertutik 2023 martiaren 10ean amaituko da, gorabidean dagon Maren (Bilbo, 2002) izar gazteagaz. Zuzenean egin eban debuta 18 urtegaz eta urtebete pasautxoan, kritika onei eta lehen diskoak (Margaritas y lavanda) entzuleen artean izandako erantzun bikainari esker lortu dau nabarmentzea; ondoren Begixek EPa egin eban euskaraz. Programa honetako hiru kontzertuak akustikoan edo elektroakustikoan izango dira, 20:00etan eta sarrerak salgai dagoz 15 euroan (10 € Kutxabank txartelak erabilita).
BBK Salak BBK Gertutik bultzatzea eta bere urteko agendan ziklo finko bihurtzea erabaki eban 2021ean eta ordutik El Drogas, Mikel Urdangarin, Natalia Lacunza edo Mikel Erentxun artistek, besteak beste, zuzeneko bereziak eskaini ditue Bilboko Kale Nagusian, kartelean artista ospetsuak etorkizun oparoko gazteakaz batzeko asmoari eutsiz. Gainera, oraingo honetan oso-osorik emakumezko artista-zerrendea aukeratu da: Kultura-eragile lez BBK Salak dituan helburuakaz bat datorren planteamendua da, lekuan lekuko kulturari arreta berezia eskainiz, gure programazinoan parekidetasuna lortzea eta euskereari beti presentzia emotearen alde eginez, adierazi dabe aretoaren arduradunek.