Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak eta Euskaltzaindiak Hitzak Lege erakusketa ibiltaria aurkeztu dabe gaur Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzan. Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarragaz, Nafarroako Parlamentuagaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiakaz eta Baionako Udalagaz alkarlanean atondu dau proiektua.
Aurkezpen ekitaldian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Andres Urrutia euskaltzainburua eta erakusketearen komisarioa eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketearen koordinatzailea egon dira. Erakusketearen helburu nagusia Euskal Herriko eta Nafarroako bost Erakunde Legegileek eta Baionako Udalak gordetan dituen euskerazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen ekarpena esanguratsua izan da, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak erakusketearen aurkezpenean adierazi dauen moduan: Bizkaiak inportantzia handiko antxinako testuak ekarri ditu erakusketa honetara, esparru juridiko zein sozialekoak. Testuok gure herriaren historiaren parte dira. Horregaitik uste dot ahalegina egin behar dogula erakusketa hau Euskal Herriko txoko guztietara eroateko. Hain zuzen be gure erakunde eta lurraldeen historiaren barri emoten dauelako. Azken batean, euskaldunon eta gure hizkuntzearen historia dalako, nabarmendu dau.
Gotzon Loberak ondokoa nabarmendu dau: Erakusketa honek mendeetan zehar ezkutatu izan dan errealidadea azaleratu nahi dau: Euskerea orain mende askotatik egon da presente euskerearen lurraldeetan bizi ziran personen hartu-emon juridiko pribatuetan, baita lurralde horreetako instituzinoen jarduera administratiboan be.
Bizkaiko parlamentuak lagatako idazkien artean dago Bizkaiko Foru Zaharra, 1452tik aurrera lege konstituzionala eta kode zibil, penal eta prozesala izan zana, Otaduik gogorarazo dauenez. Bizkaiko Batzar Nagusietatik urtengo dauen beste altxorretako bat Vicenta Antonia Moguelen idazki bat da. Luis de Borbón Toledoko kardinal eta artzapezpikuaren gutun pastorala, Fernando zazpigarrenari jente aurrean babesa emoteko idatzitakoa, 1820an euskeratu eban lehenengo euskal emakume itzultzailea izan zan. Bakarrik Bilbon entzun ahal izango diran barrikuntzen artean, 1983ko maiatzaren 24an Anton Aurre lehendakaria protagonista izan eban Bizkaiko Batzar Nagusien aro demokratikoko euskerazko lehenengo berbaldiaren soinua azpimarratu behar da.
Erakusketeak dokumentuen informazinoa daben 14 panel fisiko ditu, hiru ataletan: Aldeen arteko hartu-emon juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Ganera, panel alkarreragile bi, hiru panel argiztatu eta bitrina bi (dokumentu orijinalak erakusteko) egongo dira.
Hitzak Lege daborduko heldu da Gasteizera eta Iruñera, Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura hain zuzen be eta martiaren 4ra arte, astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bilboko egoitzan egon ostean, Arabako eta Gipuzkoako Foru parlamentuetan be egongo da.
Erakutsiko diran testu bitxi batzuk:
• 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoan testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten dau zelan jokatu behar zan oinordetzetan eta dohaintzetan.
• Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dabe.
• 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza, testu elebiduna. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek alkarri emon eutsen berbea ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziran, eskribaua, barriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dala eta, lekuko elebidun baten laguntzinoa eskatu eban eskribauak).
• 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antxinako Erregimenetik datoz. Horreetan, estatuek —eleizeak, nobleziak, hirugarren estaduak— eskaerak bideratzen deutsez erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, hareen diputaduena eta Nazinoko Estadu Orokorrena da. Frantsesez eta euskeraz dago.
• 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendiduten dau Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
• 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zan euskal literaturan: Berba lauz eta berbak neurtuz idatzi eban, bai eta itzulpenak egin be, adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martiaren 15eko gutun pastorala itzuli eban. Bizkaieraz egin eban itzulpena eta Bilbon inprimidu eben.
• 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituen.
• 1839. Bergarako Ituna, gaztelaniaz eta euskeraz idatzi zan.
• 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
• 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersala, 1948.
• Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.