Oholtza gainean 55 artista eta aurretik plazan egon diran 75 trikitilari eta 10 jantzariek zutik jarri eta hunkitu egin dabe Kepa Junkeraren irudia eta musikea ospatzeko Bilboko antzokia bete dauen ikusleria. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta SGAE Fundazinoak atondu dabe, Arriaga Antzokiaren alkarlanagaz, Bilboko Errekalde auzoko musikari handiari egindako omenaldi kontzertu hau. Bertan, lagun eta kolaboratzaile ugari batu dira, haren ibilbidean zehar Kepa Junkeragaz hartu-emonak izan dituen artistak.
Jon Maya Seinen zuzendaritza artistikoagaz eta Harkaitz Martínez de San Vicenteren koordinazino musikalagaz, 19:30ean hasi da kontzertua baina ekitaldia ordu erdi lehenago hasi da Arriaga kanpoaldean, plazan; Olaeta Balletetako 10 jantzarik harrerea egin deutse Kepa Junkerari 75 trikitilariren laguntzeagaz; horreen artean egozan Keparen beraren musika akademiako ikasleak be.
Ondoren, Antzokiaren barruan bizitakoa benetako jaia izan da, Kepa Junkeraren musikearen inguruko ospakizuna. Ikusleak hunkitu egin dira: Uxia eta Budiño galiziarrak, Amak edo Eliseo Parra artistak, Cobla Sant Jordi, Kataluniatik etorritakoa, Ines Osinaga, Xabi Aburruzaga edo Josune Arakistain trikitilariakaz, besteak beste. Musika-konexino bereziak sortu dira, Kepa Junkeraren ibilbide artistikoaren ezaugarri nagusia, beti egon baitzan prest beste musikari batzuekaz kolaboretako eta estiloak fusionetako. Horri esker ikusi ahal izan ditugu Ibon Koteron, Oreka TX, Sorginak, Tapia & Leturia eta beste batzuen emonaldiak.
Jantzeak be izan dsu protagonismoa eta momentu ederrak eskaini ditue Lucia Lacarra & Matthew Golding-ek, txalapartaren soinuari jarraituz jantzan egin baitabe edo Kukai Dantzaren eskutik.
Emozinoa
Momentu magikoenetakoa izan da Itziar Lazkano aktoreak, Bilboko Aste Nagusiko azken pregoilariak, Kepa Junkera eszenatokira igon dauenean. Bertan, ondoan Marijaiaren erreplika bat eta Bilboko Konparsetako ordezkari ugari zituala, txalo zaparrada eta esker ona jaso ditu egindako betiereko horrengaitik, hau da, Badator Marijaia Aste Nagusiko ereserkia dan abestiagaitik.
Beste momentu gogoangarri bat kontzertuaren amaierea izan da, parte hartu daben 55 artistek, alkarregaz Kepa Junkeraren konposizino ezagunenetako bat interpretau dabenena: Gaztelugatxeko Martxea. Eta, hain zuzen be, giro herrikoi horregaz amaitu da hitzordu handi hau, 75 trikitilariak besaulki-patioan sartu baitira ikusleak inguratuz. Eta handik, jai‑giro bikainean, artistek erdiko pasabidetik desfilau dabe, ikusleen artetik igaroz kalerako bidean, trikitilariak atzetik zituela eta Kepa Junkeragaz beragaz batera, kalejiran egindako amaiera sinboliko batean, historiako bilbotar musikari garrantzitsuenetako baten historia artistikoagaz ezin hobeto bat etorriz. Bart Arriaga Antzokian bizitakoa ez dogu sekula ahaztuko.