Mikel Lertxundi artistearen "Topaketa" eskulturea erosi dau Bilboko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2023ko mar. 15a, 14:06
Argazkia: Bizkaie

Mikel Lertxundi artistearen Topaketa eskulturea, Isozaki Atea torreen zabalgunean, Mazarredo Zumarkalean dago.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak, artisteagaz batera, jakinarazi dabe Udalak 76.000 euroren truke eskuratu dauela obra hori; holan, uriburuko kaleetan dagozan eskulturen udal-katalogo handiaren parte izatera igaro da.

Artisteak materialakaz esperimentetako dukan interesa islatzen da obran; ganera, naturako beste elementu batzuk (ura, airea eta sua) buztartzen ditu orekeagaz eta inguruneagaz denporarik bako loturea emonaz lanei.

Lana Loraldia jaialdiaren parte izan zan 2019an, Mikel Lertxundiren zazpi lan handietako bat. Uriko hainbat lekutan egindako eskultura-ibilbide baten parte zan. Jaialdia amaitutakoan, eskultura gehienak erretirau egin ziran baina zenbait kolektibo sozialek eta auzotarrek eskatu eben Isozaki Atean instalautako obrea leku horretan geratzea zala onena. 2019tik, Mikel Lerxundi artistearen Topaketa eskultura Bizkaiko uriburuko erdigunean dago ikusgai.

Lanak hiru pieza ditu, alkarren artean lotuta eta 495 x 240 x 298 zentimetroko neurrikoa da. 2008an egin zan zurez, burdinez eta harriz. Formen eta bolumenen arteko loturek erreferentzia estetiko tradizionaletatik ihes egiten dabe eta agirian ixten ditue hareen betegarriak-hutsuneak, sartu-urtenak eta argi-itzalak. Ondorioz, ikusleek inguruko naturea miretsi leikie. 

Eskultura hau Lertxundi artisteak mundua ikusteko eta inguruan sentiduten dauen naturea interpretetako dauen moduaren irudikapen fidela da. 

Mikel Anjel Lertxundi

Mikel Anjel Lertxundi Argoitiak (Berriatua, 1951) umezarotik jostailuak egiten zituan. 11 urte baino ez zituala artista izan nahi eban eta kartoia, buztina eta zuragaz esperimentetan eban. 1972an ekin eutson modu profesionalean sormen-jarduereari. Urte bi aurrrerago, 1974an, lehen erakusketea egin eban.

1980an Parisera joan zan Bizkaiko Aurrezki Kutxak emon eutson Arte Plastikoak Ikertzeko eta Sortzeko Beka bati esker. Euskadira bueltau zanean, material eta formakaz esperimentetan hasi zan, artistearen sorkuntza-ibilbidearen ezaugarri bereizgarrietako bat. Haren eskulturak naturearen aurrean orekeri eusteko egindakoak ziran.

Lerxundiren eskulturak Munitibar, Etxebarria, Arrigorri, Ondarroa, Markina, Elorrio, Aulestia eta Getxoko espazioetan ikusi daitekez. Era berean, Berriatuko artistearen lanak dagoz Hampshireko Konderriko Royal Victoria Country Park parkean (Ingalaterra), Comillaseko Sobrellano Jauregiko parkean, Zarauzko Itsas Pasealekuan, Kantabriako Soplao kobazuloan eta Gueñeseko Arenatzarteko Eskultura Parkean.

Bilboko Udala eta artea

Bilboko Udalak baditu, gaur egun, 100 bat artelan, uriko hainbat lekutan kokatuta. Funtsean, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arteko eskulturak eta muralak dira. Oraintsu erositako Lertxundiren obraz gain, azken urteotan katalogora gehitu dira Jesus Lizasoren Tuercebarras eta Amaia Graciaren Jon Pertikaren Omenez eskulturak.

Eskultura-lanik zaharrenak dira Diego Lopiez Harokoa uriaren sortzailearen monumentua (1889), Plaza Biribilean dagoena, eta Antonio Truebaren omenezko eskulturea (1895), Albia Lorategian dagoana. Pieza bi horien egilea Mariano Benlliure eskultorea izan zan.