Estrategiak konpartiduteko topaketea Bilbon lurraldeko euskerearen sektoreagaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2023ko mar. 27a, 09:55

Argazkia: Bizkaie!

Bigarren saio honetan erronkak lantzen hasi dira.

Foru Erakundeak ehun bat gizarte-eragile batu ditu gazteen artean eta aisialdian euskerearen erabilerea sustatzeko eta hizkuntzearen aktibazinoan inplikautako eragileen sare-lana bultzatzeko. Topaketen helburu nagusiak Bizkaian euskerearen erabilera sustatzeko dagozan egoera, beharrak eta zailtasunak aztertzea, sinergiak ezartzea eta hizkuntzearen etorkizunerako garrantzitsuak izango diran erronkak eta lan arloak identifiketea izan dira.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak, bigarren topaketa honetan aurreko topaketan lehentasunezkotzat jo ziran alor bitan euskereak dituan erronkei buruzko gakoak zehaztu dira: Lehen arloa gazteak eta aisialdia da eta bigarrena hizkuntzearen sustapenean inplikautako eragileen sareko lana sustatzea. Saio honetan Bizkaiko euskalgintzako ehun eragile inguruk parte hartu dabe.

Diputaduak azpimarratu dauenez, topaketa honeen helburua ohiko sareetatik harago doazen bideak bultzatzea da, Bizkaiko euskalgintzea zabaltzearen desioa nabarmendu eta horretarako sektoreko agenteei dei egin deutse: Euskalgintza sektorea zabalagoa izan daiten eta euskerearen erabilerea gizarte osoan modu erangikorragoan aktibau gura badogu, gizarte sektorearen inplikazinoa beharrezkoa da, zenbat eta eragin sarea gehiago zabaldu, eragin espazioak be ugariagoak eta trinkoagoak izango dira.

Topaketan, talde-dinamika baten bidez, parte-hartzaile guztien arteko alkarrizketa sustatu da sektoreko eragileek dituen baliabideen barri emoteko eta gazteen aisialdian euskerea sustatzeak dakarzan erronkak aztertzeko. Arlo ez formaletan eta digitaletan euskerearen erabilerea sustatzeko beharraz hausnartu da, baita euskeraz bizi ahal izateko eta hizkuntzearen inguruko komunidade-sentimendua sortzeko baliabideak eskaintzeaz be. Esangura horreetan, eskolatik hasi eta eremu ez-formaleko hartu-emon sare guztietan, ume eta gazteen beharrak eta ahotsak erdian jartea beharrezkotzat jo dabe.

Era berean, euskerearen sustapenean lan egiten daben eragileen sarea eratzearen beharra planteau eta kontuan hartu da. Horretarako eragileen arteko alkar ezagutzea eta autortzea, sinergiak sortzea eta Bizkaian euskerazko kulturea sustatzen dabenen artean baliabideak trukatzea proponidu da. Hauzak holan dirala, dinamikan parte hartu daben personek neurri horreek guztiak ezartzeko ekintzak bilatu ditue, neurri horreen egingarritasuna aztertu eta alkarregaz ataratako ondorioak jaso ditue. Agenteen arteko saretzea lortzeko helburuari eutsiz, sektorea identifikau eta praktikak eta baliabideak alkarbanatzeko preminea ikusi da, izan be, saretze horren bidez, sektorea eraginkorra izango da, helburuak hobeto identifikau eta ezagutza barri bat sortuko da.

Bilera hau bigarrena izan da, baina ez azkena. Holan, beste saio batzuk egingo dira aurrerago.

Joan den zemendian Foru Erakundeak atondu eban lehenengo topaketan, bertaratuek Bizkaian euskereak dauen egoereari buruzko eretxiak eta gogoetak konpartidu zituen eta galdera honi erantzuten saiatu ziran: Zela jokatu behar dabee, etorkizunari begira, Bizkaian euskerearen sustapenean inplikautakon sektoreek? Era berean, datozen urteetarako erronkei aurre egiteko eta lankidetzarako aukerak aztertzeko estrategiei buruz hausnartu eben.

Topaketako lehen saioan zehaztu zituen erronken artean administrazinoa, euskalduntzea, gazteria eta aisialdiagaz lotutakoak eta euskerea sustatzeko eragileen sare bat bultzatzea nabarmentzen dira. Bigarren saio honetan erronka horreek lantzen hasi dira.