Kulturea ahalik eta entzule gehienakana hurreratzeko asmoz, BBK Saleak hurrengo asteon estreinauko ditu musika zuzenean biziteko Bilboko erdiguneko gunean orain arte ikusi ez diran formatu bi. Proposamen biak erabat ezohikoak dira gaur egungo musikagintzan eta esperientzia harrigarriak eskaintzeko eta jenteak zuzeneko artearen aurrean dauen interesa barritzeko sortu dira. Alde batetik, 360 gradu kontzertuen bidez, hurreratzen diranek zutunik eta bandakaz aurrez aurre egoteko aukerea izango dabe.
Candlelight izeneko saioetan, barriz, aretoa ehunka kandelen argi goxoakaz baino ez da argituko da. Bien bitartean, entzuleek, jesarrita, Beltxargen Lakua antzeztuko daben jantzari bi eta hari-laukote batez gozetako aukerea izango dabe.
Kontuak kontu, lehen hitzordua martiaren 30ean, izango da, 360 gradu izeneko formatuaren estreinaldiagaz. BBK Salak gazteenei eta hazten dagozanen musikariei eskaintzen deutson zikloaren barruan egingo da (Punto Zero) eta kartelak gaur egungo euskal musikagintza elektronikoa laburbatzen dauela esan daiteke: Bilboko Arketypo (Gonzalo Atela musikaria, bere musikan beren inspirazino-iturri diran estiloak islatzen dituana; elektronikea, popa, funka, jazza...).
Beste alde batetik, Benizze gasteiztarra (hogei urte baino ez dituan Beñat Goitia bertsolaria, elektronikea, trapa eta dance-a euskal sustraiakaz buztartzen dituana) eta Divorce From New York donostiarra (ezizen horregaz sanpleetan ditu Kino Internacional entzutetsuak jazz klasikoko biniloak, gero jantzagarria dan jazza sortzeko).
Sarrerak 12 euroan dagoz salgai (aurrez erositako azken prezioa; 15 € leihatilan erosi ezkero) eta salabbk.bbk.eus webgunean dagoz eskuragarri.
Maiatzaren 4rako, eguenerako, 360 gradu planteamenduari eutsiz, denporaldi honetako bigarren kontzertua atondu dabe: Vicente Navarro musikari eta aktore madrildarrak eta Elena Setien kantautore donostiarrak eskainiko dabe; Navarro eskarmentu handikoa da (batez be Yllana konpainian) eta lau urte daroaz bere musika-ibilbidean sartuta. Abangoardia eta tradizinoa bateratu eta Espainiako folklorearen inguruko lanketan dabil elektronikearen eta urban musikearen bidez. Bestalde, Setienek estilo propioa dau eta biolin klasikoan eta kantugintza modernoan egindako goi mailako prestakuntza bikotxak eragin handia izan dau horretan. Kanpoan musika arloan ibilbide luzea egin ostean, Euskadira bueltau zan orain hamarkada bat Rafa Berrio zanak babestuta. Ordutik, lau lan argitaratu ditu (azken biak AEBetako Thrill Jockey konpainiarekin).
Sarrerak salabbk.bbk.eus helbidean dagoz salgai 12 euroan (aurrez erositako azken prezioa; 15 € txartelgian erosi ezkero).
Horren aurretik, ostera, apirilaren 15ean, BBK Saleak, lehenengo aldiz, beste musika-formatu barritzaile bat eskainiko dau: Candlelight kontzertuak. Saio horreek mundu osoko ehun uri ingurutan eskaintzen dira eta hiru miloe ikusle baino gehiago erakarri izan ditue. Kandelen argia baino ez da izango eta horrek ezustekoa eta ia magikoa dan giroa sortzen dau. BBK Salan egingo daben estreinaldirako Txaikovskiren lanik ezagunena, Beltxargen Lakua (1876) aukeratu dabe. Zuzenean eskainiko dau euskal konpainiako hari-laukote batek ordubetera egokitutako bersino minimalistan eta agertokian jantzari bi (Heyler Alameda eta Alexandra Urcia) izango dira. Saio bi (19:00retan eta 21:00etan) egongo dira baina lehen saiorako sarrerak agortuta dagoz. Bigarrenerako sarrerak 15 eta 35 € arteko prezioan (azken prezioak) dagoz salgai hemen.