Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek eta Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Leixuri Arrizabalagak, 2023ko Lauaxeta Sariak emon ditue. Lauaxeta Ohorezko Sariaren helburua Bizkaian eta oro har munduan euskerea sustatu, zabaldu eta normalizetako egindako ekarpenagaitik nabarmendutako personak edo taldeak jentaurrean autortzea da, merezimendu handiko jarduera horreek sarituz eta zabalduz, ahal dan neurrian gizartea euskerea sustatzeko lan horretara erakarteko pizgarri izan daitezan.
Bizkaiko ahaldun nagusiak BFA-k euskerea eta bere nortasun kulturala indartzeko konpromisoa azpimarratu dau: Egun garrantzitsua da Foru Aldundiarentzat, euskerea indartzeko konpromisoa dauen erakundea garelako. Etxanobek nabarmendu dauenez, nortasun propioa dauen eta bere kultura-ondareaz eta hizkuntzaz harro dagoan gizarte hau eregiteko egin dozuen ekarpenaren autortzea egitea da sari honen asmoa. Lauaxeta Sariak horixe dira, jasotako ondarea indartzeko eta transmitiduteko konpromisoaren autorpena. Gure euskerea.
Etxanobek euskerara hurreratzeko deia egin deutso gizarteari, persona guztiei, jatorria edozein dala be: Danoi jagoku ahalegin horretan laguntzea. Lauaxeta lakoen ereduari jarraitzea; euskerearen, kulturearen eta hezkuntzearen aldeko konpromisoaren adibide bikaina, gaineratu dau.
Hemeretzigarren edizino honetan Jon Enbeitak jaso dau 2023ko Lauaxeta Ohorezko Saria, bertsolari, idazle eta kantari lez be egindako ekarpen aberatsagaitik.
Beste alde batetik, Libe Goitiak eta Angel Errok Poesiako Lauaxeta Saria jaso dabe, euskerazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko emoten dana:
- Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Libe Goitiak jaso du, Fast Fatum poema-bildumeagaitik. Epaimahaiak nabarmendu dauenaren arabera, lehen liburua heltzen dan askotan helburuak berak lausotu egiten dau obrea bera; hau da, lehenengo liburua argitaratzea bihurtzen da asmo nagusi eta bigarren mailan geratzen da liburuak barruan dakarrena. Ez da hori Libe Goitia Artetxeren Fast Fatum lanaren kasua, izan be, idazleak badaki zer esan, kontau eta iradoki gura dauena, lehenengo liburua izan arren. Apurka-apurka idatzi ahala gardentzen doan ardatz baten alde bietan topau daitekez surrealismoaren arrastoa eta egunerokoaren iruditeria; Nietzsche eta Hölderlin dagoz alde batean eta Sufjan Stevens eta Lorde musikariak bestean; tradizinoa eta adierazpide garaikideak be bai. Dana modu antolatuan nahasi dau idazleak edo, bestela esanda, nahasia modu ordenatuan erakutsi dau. Borondatezko ekintzea izan da bere kasuan: obrea garatu dau eta gero ondu dau liburua.
- 35 urtetik gorakoen kategorian Angel Errok Poema liburu bat —irakurteko jarraibideak— poema-bildumeagaitik jaso dau poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, hamazazpi urte igaro dira Angel Errok azken poema-liburua argitaratu ebanetik (Gorputzeko humoreak, 2005) eta hogei lehenengotik (Eta harkadian ni, 2002). Orduan, hasiera-hasieratik oso identifikagarria zan ahotsa eregi eban eta jarraipena baino ez deutso emon ia hamarkada bi geroago: Hemen dira ohiko idazkera landua, patxadea, zehaztasuna eta poesiaren edertasuna, azken batean. Maitasuna edo maitasunak, bateren baten edo zeozeren alderako atxikimendua dauen jokera edo sentimena, nabarmentzen da edo dira liburuko gaien artean, baina azpimarratzekoa da amagaz bizi eta erakusten dauena. Poesia irakurteko jarraibide esplizituak espero dituenak ez ditu liburuan topauko; bai, topauko ditu, ostera, idazle honen lana irakurri ahala, Angel Erroren edozein liburu dalako poesia maite dauenarentzat jarraibide bat.
Oier Plazak Memoria Lurperatuta dokumentalagaitik jaso dau Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dauen Ikus-entzunezkoen Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dabenez, Erorien Haranean hilobiratuta dagozan euskal jatorrizko 1.234 lagunen familiarren ezintasunagaz bat egiteko bidea dakarrela Memoria Lurperatuta dokumentalak. Ikus-entzuleok eskutik helduta eroaten gaitu deshobiratze-prozesu konplexuaren bitartez. Bide luze horretan senitartekoek oztopoak baino ez ditue topau. Gainera, dokumentalak ondo adierazoten dauen moduan, gaur da eguna euren nahia lortu ez dabena, nahiz eta laguntza profesionala eta instituzionala izan, Gogora Institutuarena edota, nazinoarteko begiraleek lagunduta, Pako Etxeberria forensearena eta bere taldearena. Egoera hunkigarria bai, baina, aldi berean, itxaropentsua deskribiduten dau dokumentalak. Gazteen belaunaldiak be protagonismoa dau euren konpromiso argiagaz. Agertzen dira bai, familiarrakaz batera adierazoteko, zailtasunez-zailtasun, hilobiratuak etxera ekarteko burrukeari eutsiko deutsela.
Aurtengo edizinoko sari banaketara bertaratutakoek ESASen (Emakume Sortzaile Eta Artisten Sarea) emonaldiazz gozau ahal izan dabe.
Lauaxeta Sarien bilakaera
Bizkaianeta, munduan zehar, oro har, euskerearen sustapen, zabalkunde eta normalizazinoan egindako ekarpenagaitik nabarmendutako persona edo taldeak jentaurrean saritzea da Lauaxeta Sarien helburua, baita poesiaren eta ikus-entzunezkoen arloetan sortutako euskerazko lanak zabaltzea be.
2012. urtean Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrena beteten zala-eta, aintzatespen hori zabaldu egin zan poesiaren eta memoria historikoari buruzko ikus-entzunezkoen arloetara, egin-eginean be, arlo horreetan aurreko urtean sortutako lanak sustatu eta saritzeko, kategoria bakoitzari dagokion diru-zuzkiduraren bidez.
2017an, beste etapa bat hasi zan Ohorezko Lauaxeta Saria jasoteko bidea edegi jaken eta nazinoarte mailan euskerea sustatu eta zabaldu eta euskerearen izen ona ezagutzera emon eben bizkaitarrei.