Komunitatea

Firs Lego League Euskadiko 140 ikasle inguruk Bilboko Arriaga Antzokiaren barrualdea ezagutu dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2024ko urt. 18a, 12:29

Baita antzokiaren funtzionamendua eta talde sortzaile eta teknikoak be.

Bizkaia Ikastetxeko eta Gernikako San Fidel Ikastolako 67 ikaslek Bilboko Arriaga Antzokia bisitau dabe gaur antzezlanak zelan muntetan eta horretarako beharrezkoak diran teknologiak ezagutzeko. Ikastetxe biek Firs Lego League Euskadiko 15. edizinoan parte hartzen dabe, STEAM hezkuntza-programearen barruan. Egitasmo horrek bokazino zientifiko-teknologikoak modu praktiko eta dibertigarrian sustatzea dau helburu Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean, bizitza errealeko beharrei erantzunez.

Bizkaiko beste ikastetxe bitako 69 ikaslek be ezagutu ditue antzokiaren bazter guztiak. Danetara, gaur 140 gaztek hartu dabe bisitan Barrikuntzearen Euskal Agentziak parte-hartzaileei eskaintzen deutsen Firs Lego League Euskadi hezkuntza-programearen barruan, ekimen horren urteko erronka tematikoaren errealidadearen barri izan deien eta horregaz lotutako lanbide zientifiko-teknologikoak ezagutu deiezan. Denporaldi honetako erronkan, teknologia modu sortzailean erabiliz taldeek besteakaz konpartidu nahi daben zaletasuna identifikau behar dabe (musikea, zinemea, antzerkia...).

Arriaga antzokiko talde sortzaile eta teknikoa makinistek, tramoiariek, elektrikariek, soinu-arduradunek, errejidoreek, buru teknikoek, produkzino-langileek, jostunek, aretozainek eta bestelakoek osotzen dabe. Antzokiko talde teknikoko profesionalek ikuskizun baten sorkuntza eta antzezpena, protagonistak eta prozesu horretan parte hartzen daben teknologiak erakutsi deutsee gazteei. Proposamen eszeniko baten antzerki-lana be zuzenean ikusi eta antzokiko sail bakotxaren eginkizunetan sakondu dabe.

XV. FLL Euskadi

STEAM hezkuntza-programearen barruan dago eta Innobasque Barrikuntzearen Euskal Agentziak sustatzen dau Deustuko Unibersidadeagaz (Bilbo eta Donostiako campusak), Mondragon Unibersidadeagaz (Arrasateko Campusa) eta Euskal Herriko Unibersidadeagaz batera (Arabako Campusa); azken horrek aurten bat egin dau ekimenagaz. FLLren helburua bokazino zientifiko-teknologikoak 6 eta 16 urte arteko ikasleen artean sustatzea da. Parte hartzen daben taldeek barrikuntza-proiektu bat landu behar dabe urteko erronka tematikoaren inguruan mundu errealeko arazo bati aurre egiteko. Erronka tematiko hori, aurten, arteagaz eta teknologiagaz dago lotuta.

Azken fasea txapelketearen final jentetsua da, izan be, martiaren 2an izango da, aldi berean, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta, lehen aldiz, Gasteizen. Irabazleak Espainiako finalerako sailkatuko dira eta bertatik Firs Lego League egitasmoak mundu osoan atontzen dituan nazinoarteko txapelketetara sailkatu ahal izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesari esker eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien lankidetzeagaz.