Asier Altunaren 'Karmele' filma grabetan hasi dira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2024ko api. 22a, 17:26

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira protagonistak.

Asier Altuna zinemagilearen (Amama, Aupa Etxebeste!) film luze barria grabetan hasi dira. KarmeleTxintxua Films-ek eta Esnatzeko Ordua Films AIE-k produzidu dabe. Grabazinoak, maiatzaren amaierara arte egingo ditu, Euskal Herri osoko herri eta inguruetan.

Jone Laspiur (Ane −Goya saria−; Maixabel; Akelarre) eta Eneko Sagardoy (Irati; Patria; Handia −Goya saria−) dira protagonistak, lehen aldiz alkarlanean, Karmele eta Txomin bikoteari bizia emoten. Horreegaz batera dagoz Nagore Aranburu (Querer, Irati) eta Javier Barandiaran (Maixabel), Karmeleren gurasoen papelean.

Asier Altuna zuzendariaren berbetan, Karmele askatasun faltearen aurrean agertzen dan perseberantzia, burruka eta duintasunari buruzko pelikulea da. Era berean, kulturea, musikea eta artea buztartzen dituan bidaia be bada. Beti erakarri izan deuste hainbat belaunaldiren alkarbizitzea erakusten daben historia familiarrak. Karmele ezagutarazo nahi dot, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan deien emakumea, jarrera ausart eta konprometidua dauena.

Euskerazko proiektua da, Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarritutakoa, eta Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua elebarrian inspirauta dago. Uribe nazinoartean oihartzun handienetakoa dauen euskal idazle garaikidea da. Nobelea zortzi hizkuntzatara itzulita dago, eta Kritikearen Sari Nazionala (Euskerazko narratiba) eta Euskaltzaindiaren urteko liburu onenaren saria irabazi zituan.

Sinopsia

Karmele (Jone Laspiur) erizain euskalduna da, hogeita hamarreko hamarkadearen amaierean Frantzian erbesteratuta dagoana. Han, Txomin ezagutzen dau (Eneko Sagardoy), tronpetista birtuoso bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorioa biziko dau Paris, Caracas eta Euskal Herrian. Familia bat osotuko dabe, alkarrenganako konplizidade osoagaz, harik eta aukera biren artean erabagi behar daben momentua heltzen dan arte: familia edo ideen aurreko fideltasuna.