Joan den urtarrilaren 19an Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko egituraren V formako lehen zutabea jarri izana oso mugarri garrantzitsua izan zan Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek
diseinautako Agravitas proiektua gauzatzeko prozesuaren barruan. Ordutik, handitzearen bolumenaren zutabeen muntaketea amaitu da –dagoeneko ikusi daitekez–; 12 metroko luzerea daben V formako hiru euskarri tubularreko lerrokadura bik osotzen ditue zutabeok eta horreen gainean, egitura horizontalaren lehen euste-lerroak ezarri ziran.
Hurrengo asteetan, erresistentzia handiko altzairuzko hiru sareta nagusi jarriko dira, 55 metroko luzerakoak eta 87 tonakoak.
Hurrengo egunetan, hegoaldetik iparralderako saretak instalauko dira eta, hurranez hurran, bigarren mailakoak; horreek izango dira handitzearen beheko mailako eta goiko pisuko egitura nagusia. Obrearen erronketako bat eraikinei eta parkeko zugaztiei ez eragitea da. Horretarako, operazino guztiak tonaje handiko –800 eta 600 tona– garabiakaz egiten dira, aukerea emoten baitabe egitura metalikoak osorik altzetako, bitarteko behin-behineko euskarririk barik.
Hiru saretak jarteko segurtasun-eskakizunak dirala-eta, museoa zarratu egin beharko da. Lehenengoa bihar izango da, apirilak 24 (eguaztena), goizez.
BBKateak eta Nestor Basterretxea
Bilboko Arte Ederren Museoak bisita gidatuak iragarri ditu apirilaren 25ean, eguerdiko 14:15ean eta arratsaldeako 18:00etan.
BBKateak erakusketa-proposamenaren helburua da bildumeari narratiba barriak emotea, museoaren handitze proiektuko lanek iraun bitartean. Aldizka eguneratuko dan aurkezpen-programa dinamiko baten bitartez, eraikin zaharreko areto bakotxak artista biren eta euren lanen espero bako aurrez aurreko bat erakutsiko deuskue; denporan edo/ eta jatorri kultural edo geografikoan urrunekoak izan daitekezan izenak izango dira; holan, arteari buruzko ikuspegi eraldatzailea eta eregiten dabizena iradokiko da. Modu horretan, museoaren metamorfosia islatuko da eten barik aldatzen dagoan bilduman.