Urian han eta hemen hainbat euskarritan dago bilbotarrak euskaltegietan matrikulau daitezan animetako kanpainea, hizkuntzea ikasi, hobetu eta erabilteko. Hautatutako goiburuari eutsiz, euskerea herriko kaleetatik/zanetatik korrika jarri dau Udalak euskerea eta ha edozein espaziotan eta egoeratan erabiltearen alde egiten dau.
Euskaltegien, mailen eta ordutegien eskaintza zabalaz gan, Udalak nabarmendu dau euskerea ikasteko udal dirulaguntzak herritar guztiei eskaini jakezala lehen aldiz 700.000 eurokoa, hain zuzen be. Bilbo gero euskaldunagoa izateko helburuari jarraituz, Euskerea Nonahi, izeneko kanpainea aurkeztu dabe gaur goizean Eider Inunciaga Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazinoarteko Gaietako zinegotziak eta Bilboko 17 euskaltegietako ordezkariek, Jorge Oteizaren Oboide Aldaera eskulturan.
Kanpaina hori Udalak atondu dau 2024-2025 ikasturtean Bilboko euskaltegietako matrikulazinoa bultzatzeko. Dagoeneko urian han eta hemen jarritako hainbat euskarritan (mupiak, pantailak, publizidadea...) euskerea Bilboko kaleetatik korrika ikusi daiteke, herritarrek euren eguneroko bizitzako edozein espaziotan eta egoeratan euskerearen erabilerearen alde egiten dauen eslogana erabiliz.
Euskerea Nonahi goiburupean, Udalak Bilboko 17 euskaltegietan matrikulau daitezan animau ditu hizkuntzea ez dakitenak, ikasten jarraitu nahi dabenak edo hizkuntzearen ezagutzea hobetzen jarraitu nahi dabenak.
Kanpainea une eta formatu askotan egongo da ikusgai irailean zehar, urian han eta hemen: Bilbobuseko autobusetan eta markesinetan, Bilbao Udaleko sare sozialetan eta hedabideetan, barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan. Horreetan, hain zuzen be, 2024-2025 kanpaina honetarako egindako kartelak, sormena erakusten dabenak, jarriko dira.
Kanpainan euskaltegien, ordutegien eta mailen eskaintza zabala nabarmentzen da, bai eta Udalak urtero euskera ikasteko emoten dituan dirulaguntzak be, 2024an barrikuntza dakartenak. Udalak beste urrats bat egin dau bilbotarrak erabat euskalduntzeko bidean eta dirulaguntza horreek lehen aldiz eskainiko jakez herritar guztiei, 700.000 euro tartean dirala.
Orain arte, gurasoek, aisialdiko eta kiroleko begiraleek eta deialdietan ezarritako mugea gainditzen ez eben errentak zituen familia-unidadeetako kideek baino ezin eben eskatu dirulaguntza hori. 2024tik aurrera, barriz, ondoko baldintzak betetea nahitaezkoa da: erroldauta egotea, gitxienez azpimaila bat gainditu izana, bertaratzea % 60koa izatea eta erakunde publikoakaz zorrik ez izatea. Diru-poltsea agortu arte emongo da dirulaguntzea.
Bilbok 17 euskaltegiko sarea dauka. Ikasturte honetarako, ohiko klaseak eta era guztietako mailak ez eze, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak be eskaintzen dira.