Bilboko ostalariek eta merkatariek urriaren 11ra arteko epea dabe izena emoteko, Biribilko webgunearen bidez, 688 739 015 telefonora deituta edo eskolak emongo diran euskaltegietan bertan (Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Indautxu AEK, Juan Mateo Zabala, Matxintxu AEK, Lizardi AEK, Santutxuko AEK, Ulibarri Euskaltegia).
2024-2025 ikasturterako udal programa honen helburua da urian euskerearen normalizazinoan eragitea eta, horretarako, merkatariei eta ostalariei aukerea eskaintzea euskerea ikasteko eta bezero, hornitzailen edo lankideakaz dituen hartu-emonetan erabilteko.
Aurtengo edizinoan barrikuntzea da: bagilaren amaieran ikastaroak amaitu ondoren, matrikulearen kostu osoa bueltauko jake baldintza erraz batzuk beteten dituen ikasleei; baldintza bi beteten dituen ikasleei: eskoletara gitxienez % 75 joan izana (gitxienez, 68 eskola-ordu) eta eskoletara gitxienez maiatzaren 1era arte joan izana.
Klaseetara joaten diranek ziurtagiri personalizatua jasoko dabe, Biribilko 2024-2025 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen dauena (eskolen % 75era joan izana bermatu behar dabe). Horrezaz gan, doban eskuratuko ditue merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegiak. Era berean, dobako itzulpen zerbitzua erabili ahal izango dabe (gaztelaniatik euskerara) merkataritza eta ostalaritza-testu publikoak, kartelak eta itzultzeko, saltokietan erabili behar diranerako.
Udalak alkarlanean jorratzen dau euskerearen erabilerea sustatzeko programa hau, HABEgaz eta euskaltegi homologatuakaz, bilbaoDendak alkarteagaz eta uriko merkatarien alkarteakaz eta Bizkaiko Ostalarien Elkarteagaz. Biribilko ikastaroek dirulaguntzak jasoten ditue; 90 euroko kostua dabe, 90 ordu irauten dabe eta prestakuntza-maila bi eskaintzen ditue.
Kontuak ontu, merkataritzako oinarrizko euskera ikastaroa: Bilboko merkataritza edo ostalaritza lokaletako merkatari eta langileentzat, euskeraz ez dakitenak edo oso gitxi dakitenak. Helburua da ahozko oinarrizko komunikazinoa lantzea, eremu horreetan ohikoak diran egoeretarako hizkuntza arloko erispideak emonez.
Euskera komertziala hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkataritza edo ostalaritza lokaletako merkatari eta langileentzat, euskeraz zeozertxu dakitenak. Aukera honetan, helburua euskerearen ahozko nahiz idatzizko mailea hobetzea da.
Eskolak astean bitan emoten dira: astelehen eta eguaztenetan edo martitzen eta eguenetan, 2024ko urritik 2025eko bagilera. Parte-hartzaileek goizeko, eguerdiko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu ahal izango dabe.