Jaietako bi larunbatetan, esaterako, lehiaketa gastronomikoen jirabiran bat egin dute kuadrilla eta konpartsek. Elkar ezagutu dute askok, elkar zirikatu dute, eta "oso dibertigarria" izan dela adierazi du Jai Batzordeak.
Play Backa da beste adibide bat. Iaz lau taldek parte hartu bazuten, aurten 22 taldek egin dute. "Ordu eta erdi" luzatu zen, eta hitz batean, "mundiala" izan omen zen.
Ostiralak "nahiko potenteak" izan dira. Batik bat, etxekoentzat, deustuarrentzat. Larunbatetan berriz Deustutik kanpoko jende "piloa" hurbildu da txosnagunera. "Alde guztietatik etorritakoak". Txosnetan edaria ezin eskatzeraino. Txosna barruan zazpi eta zortzi lagun zerbitzuan izateraino. "Eta hala ere, ez zen nahikoa", diote Jai Batzordekoek.
Jaigunean egin diren Open Your Ganbarako bi azokak arrakastatsuak izan dira. Karpapeko kontzertuak bezalatsu. Karpak bete du euritik babesteko zuen funtzioa, besteak beste, bigarren larunbateko bazkaria karpapean egin zen. Gauez, "zorionez", ez du euririk egin.
"Baikor" eta "nekatuta" hartuko ditu Deustuko Jai Batzordeak ondo merezitako oporrak.