Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko

Diseinua: Jon Miraballes

Martxoaren 16tik 25era ospatuko ditugun aurtengo Deustuko jaietan, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldearen 60. urteurrena dela eta, taldekideak izango dira taula gainean pregoia irakurtzen. Artisautza azoka jaien lehenengo egunetik azken egunera arte zabalik izango dugu, Done Petri plazan bertan. 

Kontzertuek, urtero bezala ez dute mailarik galdu eta, horrez gain, hainbat ekintza berri sortu ditugu, horien artean, jaietako bi asteetan zehar egingo den Gaztetxoen Kuadrilla Txapelketa, Deustuko hainbat tabernek gure babesarekin antolatutako txapelketak, haurrentzako tailerrak… Ikusiko duzuenez, gutxinaka-gutxinaka gero gehiago dira gurekin lan egitera animatzen diren Deustuko tabernak, baita saltokiak ere. 

Aurreko urteko jaietan, Done Petriko txosna estreinatu genuen, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere ideia berdinari eutsi diogu. Done Petriko txosna ez da parkeko txosna gunean dauden beste txosnen berdina izango, izan ere txosna honetan Euskal Herriko edariak baino ez dira salduko: euskal garagardoa, euskal likoreak… Disfruta ezazu eskaintzarekin! 

Berrikuntzekin jarraituz, jaietako lehenengo iganderako bildots jana herrikoia antolatu dugu aurten ere. Jende mordoa hurbildu zen iaz bildotsa jaten zuen bitartean pilota partidua frontoian ikustera, beraz ezin ezetz esan Deustun betidanik ohitura izan denari. Horrez gain, Front off jaialdiak, euskal dantzek, bazkariek, kuadrillen txapelketek… aurtengo egitaraua beteko dute. 

Bi hilabete baino gehiago daramatzagu jaiak antolatzen, jendearekin hitz egiten, betiko ekintzak ziurtatzen eta ekintza berriak sortzen. Ustez lan eta esfortzu handi hori da ostean dena ondo ateratzeko nahia eragiten diguna. Gauza asko dira gure esku ez daudenak, baina halabeharrez kontrolpean eduki behar ditugunak, horregatik, gure aldetik, denon segurtasuna bermatzeko, protokoloa indartu dugu, erasoen eta kalteen aurrean erantzun ahal izateko. 

Urtero bezala, txosna gunea Deustuko Parkean kokatuko dugu. Zazpi txosna eta karpaz osatuta egongo da, euria egitekotan, lasai eta gustura dantzatu ahal izateko. 

Deustuko Jai Batzordetik eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu egitarauaren azal lehiaketan parte hartu duten guztiei. 

Amaitzeko, gogoratu gure helbide elektronikoa zabalik dagoela edozein proposamen zein iradokizunetarako. Ideia berriak eskertzen ditugu, baita laguntza ere.

 

deustukojaibatzordea@gmail.com