Aitziber Ibaibarriagak jakitera eman du EH Bilduko kiderik ez dela izango espainiar Gobernuaren ordezkariordearen kargu hartze ekitaldian.
Ibaibarriagak azpimarratu du EH Bilduk ez duela parte hartuko espainiar gobernuaren ordezkaritza lejitimatzea suposatzen duen inolako ekitalditan, izan ere instituzio hori “ez demokratikoa, anakronikoa eta aurreko errejimenarekin zerikusi gehiago daukan zerbait da”.
EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du lehen Gobernadore Zibila zenaren figurak “aldebikotasunik ez dagoela gogorarazteko balio duela, nahiz eta beste batzuk kontrakoa sinestarazi nahi izan. Ehundaka kilometrora nahieran aukeratutako pertsona batzuek erabakitzen dute gai garrantzitsuen inguruan eta, baita ere, egunerokotasunari eragiten dioten gaien inguruan. Haiek erabakitzen dute eta ez Legebiltzarrak, demokratikoki aukeratutako ordezkariak edo gobernuak. Deigarria da –gaineratu du Ibaibarriagak- Euskal Herrian geroz eta indar gutxiago daukanak eta Legebiltzarrean bosgarren indarra denak hainbat gaietan azken hitza izatea”.
Ibaibarriagak azpimarratu du EH Bildurentzat demokratikoki erabakitze eskubidea abian jartzea normalizazio politikoaren eta elkarbizitzaren oinarri direla. “Kontuan izanda gobernu espainiarraren Ordezkaritza eta Ordezkaritzordearen helburua ariketa demokratiko hori oztopatzea dela, instituzio horiek soberan daude eta desagertu behar dira”.
Azkenik, Ibaibarriagak beste alderdi demokratikoei deia luzatu die ez dezaten haien presentziarekin figura demokratiko hori lejitimatu.