Gutxien dutenen kontrako PPren jazarpenekin bat egin du EAJk

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2017ko ira. 14a, 13:21

Mendekotasuna duten pertsonak eta euren familiak talde susmagarrien artean seinalatu ditu Aldundiak.

EH Bildurentzat atzo Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak emandako prentsaurrekoaren eszenaratzeak eta mezuak argi utzi zuten “gizarte zerbitzuen” esanahia zein den Bizkaiko gobernuarentzat. “Ayudas si, control también” lema, PPren “Ayudas si, abusos no” lemaren oso antzekoa da. EAJkez du PP bere aurrekontuak onartzeko bakarrik laguntzen baizik eta gero eta zailagoa da biak desberdintzea. EAJk “laguntzak” deitzen dituena, legeak bermatzen dituen eskubide sozialak dira eta bere erabilera ezinbestekoa da gizarte justuagoa nahi badugu.

Bizkaiko Ahaldun Nagusia den Unai Rementeriak atzo prentsaurrekoan iragarri zuen aldundiak “sakonki” aztertuko dituela mendekotasuna duten pertsonek jasotzen dituzten diru laguntzak. Iragarpen honekin Rementeriak miran jarri ditu gizarte prestazioak jasotzen dituztenak, honela existitzen ez zen alarma sortu du eta zuzenean kriminalizatu ditu, neurri hauek hartzea eurek sortu duten ezinegonari erantzuten diola adieraziz. EH Bilduk bere buruari galdetzen dio ea iragarpen honekin aldundiak ez ote duen kezko hesia sortuko etorkizunean egingo dituen murrizketak estaltzeko.

Antza denez berrikuntza nagusiena PEAPen berrikusketa izango da. Prestazio honen datuak oso argiak dira: 2016an Araban 140 prestazio eman ziren, Gipuzkoan 4.825 eta Bizkaian 82. Argi bezain garbi. Bizkaiak prestazio hauek murriztu behar al ditu jada eskasak direnean? Horrez gain Aldundiak ez dut uzten prestazio hauek beste zerbitzu batzuekin bateratzea, eguneko zentroen plaza publikoak adibidez, Dekretuak kontrakoa dioen arren.

EH Bilduren ustez beharrezkoa dena zera da, prestazioak jasotzen dituzten pertsonen eta euren familiei akonpainamendua egitea. Kalitatezkoa eta nahikoa den arreta bermatu eta era berean zaintzaileen ongizatea eta formazioa bermatu behar dira. Etengabeko babesa eman behar zaie egoera honetan daudenei.

Bestalde geure buruari galdetzen diogu ere zer dela eta Rementeriak hedabideen fokuan jartzen dituen prestazioak eta gizarte zerbitzuak, benetan sistema eta gizarte zerbitzuak arriskuan jartzen dituena iruzur fiskala bada. EH Bilduk exijitzen du prestazioak jasotzen dituztenen aurkako jazarpenarekin amaitzea eta benetako erreforma fiskal sakonean eta iruzur fiskalaren benetako kontrolean zentratzea.