EH Bildu udal taldeak proposatu du Udalak Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola osasun sistema publikoak Bilbon urte osoan eskaintzen dituen zerbitzu guztiak berma ditzala, baita udan ere, murrizketarik, aldaketarik eta itxierarik gabe. Era berean, alderdi soberanistak eskatu du Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak adieraztea kalitatezko lehen mailako arreta babestu beharreko ondasuna dela, osasunerako eskubidea Bilboko herritar guztien oinarrizko eskubidea baita. Eskaera hori ekaineko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez egin du EH Bilduk.
Jone Goirizelaiak, EH Bildu taldeko bozeramaileak, azaldu duenez, herritarren zein sindikatuen artean kezka handia dago osasun publikoaren murrizketen aurrean, eta horren erakusgarri dira atzo bertan eta joan den asteazkenean horien kontra eta kalitatezko osasun publikoaren alde egin diren mobilizazioak.
Esan duenez, EH Bilduk kezka hori partekatzen du, “Osakidetzan gertatzen ari dena ez baita berria, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan hartutako erabakien ondorioa baita, hala nola, Etengabeko Arreta Guneak (EAG) ixtea edo ordutegiak murriztea, osasun-zentroetan profesionalik ez egotea, osasun-zentro ugari ixtea edo zerbitzuak murriztea eta aurrez aurreko kontsultarik ez izatea, besteak beste”.
Goirizelaiak zehaztu duenez, Bilbon ere “bilbotarren osasunean eta ongizatean eragina duten erabakiak hartzen ari dira”. Esate baterako, Deustuko EAG gauez ixtea, larunbatetan Alde Zaharretik eta Txurdinagatik EAGak kentzea eta Solokoetxeren EAGn murrizketak egitea, aipatu ditu.
Horrez gain, “Mesedeetako osasun-zentroan zerbitzuak, ordutegia eta langileak murriztu dira, Abandoko Saenz de Buruagaren anbulatorioko pediatria-zerbitzua kendu da, eta Basurtuko bihotz-kirurgiako zerbitzua kendu nahi da, nahiz eta orain erabaki hori atzeratzea erabaki duten, azken horrek profesionalen zein herritarren protesta ugari eragin baititu”. “Gainera udan lehen mailako laguntza-zerbitzuetan murrizketak egon daitezke”, adierazi du.
EH Bilduko bozeramaileak argi utzi nahi izan du murrizketa horiek “ez direla pandemiaren ondorio, eta planifikazio falta eta osasun sistema publikoa ahultzeko estrategia, osasun pribatuaren mesedetan, urrutitik datozen gaiak direla”. Azpimarratu duenez, “osasun-sistema publikoan izandako atzerakadak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaur egunera arte, eta horren ondorioak herritarrek pairatzen dituzte”. “Pandemian guztiok ikusi dugun arren zein garrantzitsua den kalitatezko lehen mailako arreta izatea, indartu beharrean, kontrakoa egiten ari da Eusko Jaurlaritza”, azpimarratu du.
Hori dela eta, adierazi du “beharrezkoa dela egoera horren aurrean neurriak hartzea eta osasun publikoa ez desegitea eskatzea, pribatizazioa baztertzea eta herritar guztiei, gure kasuan bilbotarrei, kalitatezko lehen mailako arreta eta osasun publikoa bermatzea”.