Inspira proiektuaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Elhuyar 2017ko uzt. 5a, 07:00

Nesken artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea du helburu.

Deustuko Unibertsitateak uztailaren 3an aurkeztu du Inspira proiektuaren bigarren edizioa. Proiektua Deustuko Unibertsitateak bultzatua da, Elhuyarren eta Innobasqueren laguntzarekin; Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban garatuko da proiektua, hiru foru-aldundien babesarekin.

Ekimen hau bide-urratzailea da, eta neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea du helburu. Horretarako, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzak egiten dituzte, ikerketa-, zientzia- eta teknologia esparruetako emakume profesionalen laguntzarekin. Lehenengo aldia da STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) bultzatzeko talde-mentoringa erabiltzen dela.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak, Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak, bai eta mentoreetako batek (Intertekeko Izaskun Mentxaka) eta proiektuaren lehen edizioan parte hartu zuten bi ikaslek ere: Iurretako Maiztegi Herri Eskolako Uzuri Cedielek eta Bilboko Maristas El Salvador ikastetxeko Izarok beren esperientzia kontatu zuten.

Lehen edizioan, 17 mentore izan ziren, eta 11 ikastetxetako 200 bat neskak hartu zuten parte. Bigarren edizio honetan, berriz, 113 mentorek, 43 ikastetxek eta 1.075 neskak hartuko dute parte.

Euskal ikasleen artean, baina, bereziki, nesken artean, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko jaio zen Inspira. Formazio teknologikoa egiten duten ikasleak gero eta gutxiago dira, eta nesken artean nabarmenagoa da beherakada hori. Unibertsitateko ikasleen artean emakumeak % 54,3 badira ere, titulazio teknikoetan, hala nola Arkitekturan edo Ingeniaritzan, % 26,4 baino ez dira.

 

Proiektuaren gakoak

  • Inguruko emakume teknologoen erreferentziak erakustea.   
  • Neska eta mutilek STEAMeko lanbideak ezagutzea.    
  • Ikusaraztea lurraldearen garapenean emakume eta gizonek hartzen dutela parte.   
  • Teknologiako ikasketen inguruan sentsibilizatu eta orientatzea.   
  • Emakume teknologoak azaleratu eta ikusgai jartzea.   
  • Gai honen inguruko estereotipoak agerian jartzea eta ikasketak aukeratzerakoan eraginik izan ez dezaten lan egitea.