200 m2 baino gehiago ditu, eta Deustuko Udaltegian kokatuta dago, besteak beste, hainbat ikastetxe dituelako inguruan, baita Bilboren etorkizunerako estrategikoak diren zenbait sektore ere (ikerketa, teknologia, zientziak, industria digitalak...).
Bizilaberen helburua da aisialdi adimenduna eskaintzea gazteei, curriculumetik eta eskola-ordutegitik kanpoko ekintzak proposatuz, eta, azken buruan, haien borondatez sormena gara dezaten, bai eta lanbide horiekiko zaletasuna ere piztu dakien. Halaber, sarearen helburu estrategikoetako bat tokian tokiko enpresa zientifiko-teknikoekin elkarlan-sarea sortzea da (komunitatea), gazteentzako erreferentzia izango dena. Elkarlan hau hainbat ekintzatan gauzatuko da, esate baterako, enpresak bisitatzea eta haien profesionalekin bizipenak partekatzea. Bilbon, adibidez, Erabi eta Material Connexion enpresetara bisitak antolatu dituzte.
Era berean, zeharkako beste hiru helburu ere baditu Bizilabek: neskak zientzia eta teknologiara erakartzea; euskararen erabilera sustatzea; eta baliabide gutxiagoko ikasleengan aukera-berdintasuna sustatzea, maila sozioekonomiko desberdinetako gazteen arteko aldeak gainditze aldera.