Bizilabek gazteentzako 50 zientzia eta teknologia jarduera baino gehiago ekarriko ditu Bilbora urtean zehar

Erabiltzailearen aurpegia Elhuyar 2019ko aza. 15a, 11:36

Orain, azaroan, Zientzia Astearekin eta ‘Bilbao Bizkaia Design Week’ astearekin bat egin du BIZILABEk, Bilboko Udalak Elhuyarrekin batera 2017tik martxan duen proiektuak. Gaur, azaroak 15, 18.00etan, "Lightpainting" tailerra eskainiko da BIZILABEren egoitzan, Deustuko Bidarte eraikinean. Bertan zientziak eta diseinuak bat egingo dute argia eta argazki-kameren bidez irudi eta animazio ikusgarriak sortuz eta hauen atzean dagoen fisika ulertuz.

Horrekin batera, Bizilabek aurten 50 zientzia eta teknologia ekintzatik gora antolatuko ditu, urtetik urtera bere eskaintza zabalduz. Bizilabetik, 12 eta 17 urte bitarteko ehunka gazte igarotzen dira urtero-urtero punta-puntako zientzia eta teknologia ekintzak egitera. Ikertzaile profesionalen, emakumeek gehien bat, laguntza izaten dute gazteek.

Zientzia Astearekin bat eginez, Bizilabe gunea dagoen Deustuko Bidarte eraikina zientziaz jantzi dute bertako gazteek. Bizilabek eta Zientzia Asteak ere bat egin dute Bilbao Design Week-arekin. Hori dela eta, Argien marrazkilari Bilboko BIZILABEn izeneko “Lightpainting” tailerra egingo da azaroaren 15ean, 18:00etatik aurrera. Profesionalen eskutik, zientzia, teknologiak eta diseinuak bat egingo dute. Izan ere, lagunartean zein familian, argia eta argazki-kameren bidez irudi eta animazio ikusgarriak sortzeko aukera izango dute bertaratuek.

Animatu, Bizilabe ezagutu, eta, eman izen!