uriola.eus

Bihar ospatuko dute Basaurin STEAM festibala

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

"Bizilabe STEAM Festibala”, gazteentzako zientzia eta teknologia jaialdia, ospatuko da larunbat honetan Basaurin. Nerbioi-Ibaizabaleko gazteek eta ikertzaile profesionalek gidatutako zientzia eta teknologia-tailerrek, ginkana-zientifikoak edota “Escape-room”-ak, osatuko dute egitaraua. Lorea Argaratek (Las Tea Party) emango dio amaiera jaialdiari.

Aste honetan aurkeztu dute Basauriko Udaletxean, Asier Iragorri Basaguren, Basauriko alkateak, eta Josune Elorriaga Miguel, Basauriko kultura teknikariak, larunbat honetan, otsailaren 15ean, 17:00etatik aurrera, Basauriko Solobarria Plazan egingo den “Bizilabe STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) Festibala”. Bertan izan dira ere Nerbioi-Ibaizabaleko herrietako udal-ordezkariak.

2019ko urrian abiatu zen “Bizilabe Nerbioi-Ibaizabal” ekimena eskualdeko zazpi herritan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdeko udalen lankidetzaren emaitza den Gaztedi Nerbioi-Ibaizabal proiektuaren baitan. Guztira, lau hilabeteetan zehar 9 zientzia eta teknologia-tailer eskaini dira herri hauetako udal gazte lokaletan: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zeberio.

Larunbateko jaialdian tailer-dastaketa, Escape-Room-a, ginkana-zientifikoa, Lightpainting Performance-a, eta jaialdiari amaiera emateko Las Tea Party DJ bikoteko Lorea Argaratek kontzertutxo bat emango du.

Arratsalde osoan zehar, STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) Hezkuntza arloaren inguruko dibulgaziorako txokoa ere egongo da.

Informazio gehiago, eta programa osorik, hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa