Deustu eta San Ignazioko komertzioek eta gazteek ‘Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin’ bat egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Elhuyar 2021ko ots. 8a, 15:58

Otsailaren 8tik 21era hamabi saltokik euren erakusleihoa emakume ikertzaile baten omenez apainduko dute “#ErakusleihoakO11” ekimenean, Bilboko Udala, Elhuyar eta Deusto Bizirik eta Hiru auzo komertzio elkarteen kolaborazioarekin. Horrez gain, Bilboko Bizilabeko gazteek emakume hauek aurkeztu eta esperimentuak egin dituzte bideo bidez.

Bilboko Udalak Elhuyarrekin batera eta Deustu Bizirik eta Hiru  auzo komertzianteen elkarteekin elkarlanean, #ErakusleihoakO11 egitasmoa jarri du martxan  Deustu eta San Ignaziokoko hamabi dendatan. Ekimen hau Bizilabe Bilbao, 10 eta 19 urte arteko  gazteentzako zientzia- eta teknologia-ekintzak egiteko aisialdi-eskaintzaren baitan kokatzen da. 

Otsailaren 11n, ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin  batera, erakusleihoak apainduko dituzte hamabi saltokik. Establezimendu bakoitza emakume  zientzialari bati eskainiko zaio, eta zientzialariaren ilustrazioa eta informazioa erakutsiko dira  bertan. Guztira 12 emakume omenduko dira. Gainera, zientzialariaren ikerketan inspiratuta  apainduko da erakusleihoa. Horrela, merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren  dibulgatzaile bihurtuko dira, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena  ikusarazten lagunduko dute. Horretarako, besteak beste, komertzio hauetan hainbat eskuorri  banatuko dira, emakumeen ilustrazio eta aurkikuntzen laburpenekin. 

Horrez gain, Bilboko Bizilabeko gazteek, Euskal Herriko gainerako Bizilabeetako gazteekin  batera, COVID-19 egoerara egokitu eta hainbat ikus-entzunezko egin dituzte. Haietan,  emakumearen istorioa aurkeztu eta bere ikerketa-gaiarekin zerikusia duten esperimentua egin  dute. Gainera, esperimentu hauek egiteko gonbita luzatu dute, behar diren materialak eta  pausuak ongi azalduz. Pandemia gabeko urtean, saltokietan bertan egingo lituzkete  esperimentuak.  

“#ErakusleihoakO11” webgunea 

Ekimen honen baitan multimedia edukia sortu da. Parte hartu duten saltokiak Bizilaberen  Otsailren 11ren webgunean egongo dira ikusgai otsailaren 8tik aurrera. Bilboko mapan kokatuta  ikus daitezke saltokiak. Horietan klik eginez, erakusleihoaren argazkia eta omendutako  emakume ikertzailea zein den ikusteko aukera dago. Emakume ikertzaile hauen ilustrazioak ere  webgunean eskegita egongo dira, euren istorioekin batera. Elhuyar Aldizkariak idatzitako istorio  hauetan ikertzaileen bizitza, gertaerak eta asmakuntzak biltzen dira. Guztira, Bilbo, Elgoibar,  Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko 78 saltokik hartu dute parte. 

 

Azkenik, aipatu ekimen hau aurreko urteetan estatu mailan ere egin dela, Zaragozan edo  Sevillan, besteak beste.