Asko izan gara euskara ikastera animatu garenok, Bilboaldean batez ere. Ondo dakigu guk guztiok ikaste prozesuan, baita gero ere, euskarazko komunikabideak ezinbestekoak zaizkigula; izan ere, era naturalean ikasteko eta hizkuntza barneratzeko parada ere badugu haien bitartez.
Bilbotarrok, gainera, URIOLA plataforma dugu eskura 2014tik. Hainbat komunikabide bilduta, hemengo eta arlo guztietako informazioa eskaintzen digu URIOLAk, eta baita elkarteen bidez zein banaka parte hartzeko aukera ere. Eta izugarri garrantzitsua dena: euskara berton ere badela ikus dezakegu egunero-egunero URIOLAri esker; euskara gelatik atera eta modu errealean bizi dezakegu. Euskaraz bizi gara Bilbon ere, eta URIOLAk egunero erakusten digu.
Horregatik guztiagatik merezi du URIOLA laguntzea: ekarpen txiki bat eginez bultzada handia eman diezaiokegu denon artean. Euskara ikusi eta entzun, usaindu eta ukitu behar dugulako, babes dezagun URIOLA!