Urriak 17, Pobreziaren kontrako Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Elkartzen 2016ko urr. 17a, 13:55

Euskal Herrian pobrezia eta prekarizazioa aurreratzen doaz langile klasearen eta herri sektoreen menperatze eta esplotazioaren eraginez.

Gaur pobreziaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Milioika pertsonek prekarietate, pobrezia edo miseria egoeretan bizirauten dute. Elite politiko eta ekonomikoek herritar sektore zabalen gain eragindako menperatze eta esplotazioak sortzen dituzte egoera hauek; azken hamarkadetan gora egiten ari diren egoerak. Datuak eskandalagarriak dira: gaur 17.280 pertsona gosez hilko dira munduan eta Europar Batasunean 123 milioik pobrezia egoeretan biziko dira (ia-ia populazioaren %25a). Herrialde industrializatu gutxi batzuetan ematen den aberastasunaren metaketa mundialak dakartzan pobrezia eta desberdintasun egoera hauek badute bere isla Euskal Herrian ere: populazioaren heren batek (3tik 1ek!) pobreziaren mugaren azpitik bizirauten du, erabiltzen dugun metodologiaren arabera (BPG per capitaren %37,5a). 

Elkartzenen aburuz, herritar sektore zabalen pobretze eta prekarizazio prozesu hau eskubide sozial eta lan eskubideen etengabeko murrizketaren ondorioa da; sistemak bere erreprodukziorako behar dituen murrizketak. Prozesu hau Maastrich edo Lisboa bezalako gailurretan diseinatu da eta lege eta dekretu bidez martxan jarri eta garatu da; Euskal Herriko elite ekonomiko eta politikoek lege kolpez aurrera eraman dutena. Kapitalismo basatienean sakonduz aurreranzko ihesaldi itsua. Pobretze eta prekarizazio prozesu honetan, hiru eskubide sozialen urratzeak berebiziko garrantzia daukate: etxebizitza eskubidea, gutxieneko diru sarrera duin bat izateko eskubidea eta parte hartze sozialerako eskubidea. 

Eremu guztietatik egindako ekarpenak ezinbestekoak dira. Gaur egun herri mugimenduaren protagonismoa eraldaketa sozialak bideratzeko inoiz baino erabakigarriagoa dela pentsatzen dugu; zabala eta trebatua izango den herri mugimendua. Gain-informazioaren munduan bizi gara; eta bertan informazioa deitzen duten zarata orokorrak ez digu errealitatea ulertzen uzten, errealitatea ezkutatzen digu edo errealitatetik ihes egitea ahalbidetzen digu. Egunero egunero sufritzen dugun errealitate egoskor eta gupidagabe hori; errudunak bilarazten gaituen errealitatea. Eta honek aukera baten atarira garamatza: pertsona ahulen artean errudun bat topatu (bortizkeria patriarkala, arrazista eta xenofoboa, haurren kontrakoa,…) edo geure buruak mindu (buruaz beste egin, drogadikzioak, ludopatiak,…), edo egoera iraultzeko borrokaren bidea hartu. Bizi dugun egoera hein handi batean ezagutzen dugu. Orain, egoera barneratzeko eta aurre egiteko hautua egin behar dugu. 

Bizi dugun egoeraren analisi zabalago baterako gure web orrialdera jo dezakezue (www.elkartzen.org), baina gaur egun hau guztia posible da, beste gauza batzuen artean, ekonomiarekin zerikusia duen oro populazioaren ezkutuan egiten delako; geure biziraupenerako erabakigarriak diren auzietan parte hartu ezin dugulako. Honela, soilik ekonomiaren “bilakaeraren” ondorio ez den pobretze eta prekarizazio prozesua gailentzen da. Izan ere, prozesu honen ondorio zuzena era badira ESPOLIAZIOaren “E”a (naturarekiko eta beste herriekiko), ESPLOTAZIOaren “E”a (langile klasearekiko eta batez ere emakume eta migranteekiko), ENGAINUaren “E”a (eskubide politiko, ekonomiko eta sozialekiko) eta ENBUSTERIaren “E”a (hobeto sentiarazteko planifikatutako marketin kanpainak).  

Frustrazioa gainditzea beharrezkoa da, dena posible delako. Munduan eta Euskal Herrian ezinegona handitzen doan heinean gero eta borroka gehiago pizten doaz. Errealitatea aztertu errealitatean eragiteko eta berau aldatzeko; bueltan berriro aztertzeko eta berriro eragiteko errealitatea bideratu ahal izateko. Etengabea izan behar den prozesua (bere atzerapauso, geldialdi eta aurrerapenekin) inguruarekin harmonian egongo diren herrion benetako independentzia lortze aldera, non gizakiak ez duen gizakia bera esplotatuko. 

 

Euskal Herrian, 2016ko urriaren 17an

Aitor Balda Azurmendi

14.258.905-D

Elkartzenen partaidea