Feminismotik ikasi dugu kapitalismoaren ideologia patriarkala dela. Patriarkatua, jendartearen estruktura ideologiko, politiko eta ekonomikoan integratua dago eta emakumearen aurkako zapalkuntza, esplotazio eta genero menderatzearen bidez adierazten da. Honela, sexuen arteko lanaren banaketaren bitartez, kapitalismoak, bere biziraupenerako eta erreprodukziorako, emakumeok erabiltzen gaitu. Erabilpen horren zirrikitu guztiei indarkeria darie.
Sistema honen biziraupena eta erreprodukzioa ziurtatzen dituzten botere harremanak betikotzeko indarkeria oinarrizko osagaia da. Egiturazko indarkeria hau antzemanezina izatea bilatzen du sistemak, existitzen ez dela sinetsi arazi arte. Emakumeon kontrako biolentzia guztien artean baliteke indarkeria fisikoa ikusgarriena izatea, agerikoena bait da. Baina patriarkatuak, kapitalak bezala, oharkabean igarotzen den egiturazko indarkeria beharrezkoa du: emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, ikusezintasuna, hizkera sexista eta matxista, prekarietatea, pobreziaren feminizazioa, muturreko pobrezia egoerak….ea.
Egiturazko indarkeria hori, gehienetan aitortu nahi ez duguna, xirimiriak bezala pixkanaka pixkanaka, urteak daramatza jendartearen kontzientzia bustitzen. Orohar, indarkeria naturalizatuz, eta indarkeria patriarkalaren ideia eta ekimenak gogortasun gehiagorekin berretsiz. Iruñako 5en kasua paradigmatikoa da: erasotzaile bakarretik, taldean eginiko erasoak; erasoak izkutatzetik, sare sozialetan publikoki ospatzera...indarkeria “ikustezin” hori aztertu gabe uler ezin daitezkeenak, patriarkatu-kapitalismo harremana eta harreman sozial guztiak bustitzen dituen ideología patriarkala alegia. Zeinak kapitalismoari funtzionala izanik ere, stuts-quo-aren mantentzea bilatzen duen.
Statu-quo-a bere horretan mantentzeko, familiaren paperak berebiziko garrantzia dauka. Familia eredu patriarkala, emakumeen gain erortzen diren etxeko lanen ikusezintasunean oinarritzen da, sozialki beharrezkoa den lanean alegia. Patriarkatuak sistema kapitalista sostengatzen duen bezala, familiak patriarkatua sustatzen du, patriarkatuaren erreprodukzioa ziurtatzen laguntzen duelarik. Lan merkatuan integratzetik al dator emakumeon askapena? Inolaz ere. Familia eredua nuklearra izaten jarraitzen du, lan erreproduktiboa ikustezina eginez, eta emakumeen esku jarraituz. Honela emakumeok lanaldi bikoitza izatera pasatuz (prekarizazio prozesua eta pobrezia bortitzago pairatzen dugu, lan merkatuan lan baldintza kaskarrenak ditugu sektore prekarizatuenetan gehienetan eta askotan lan erreproduktiboak izanik. Soldata baxuenak dituzten lanetara kondenatzen gaituzte, gizonek egiten duten lan bera egiten badugu ere gutxiago kobratzen dugu…ea). Patriarkatuaren mantenuak, esplotazio kapitalistari errefortzu egiten diolarik. Kapitalaren irabazi tasak behera egiten duen heinean indarkeriaren erabilpena agerikoagoa eta bortitzagoa bilakatzen ari da.
Patriarkatuak emakumeon zapalkuntza ziurtatzeko, beste bide batzuen artean, emakumeon kondizio materialak baldintzatzen ditu, kapitalismoak bikain ikasi eta erabiltzen duena. Gizonekiko ekonomikoki menpekoak izatera kondenatu nahi gaitu (Bada, sistema patriarkala gainditzerako bidean urratsak ematen hasteko ezinbestekoa da lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzea, Pobreziaren Muga ezartzea (BPG per kapitaren %37,5a) eta kantitate hau berdindu edo gaindituko duen gizarte soldata bat ezartzea. Era berean, langileen arteko gutxienengo soldata BPG per kapitaren %50ean ezarri behar da genero ezberdinetako langileen arteko soldata ezberdintasuna ekidinez. Independentzia ekonomikorik barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira.
Herri honek hamaika eraso ezagutu ditu bere historian zehar eta eraso guzti horien aurrean bere burua defendatu du. Herri honen langileriak biolentzia mota asko pairatu ditu eta egoera horri aurre egiteko beharrezkoa izan du bere burua antolatzea. Herri honen emakume langileok, gure erraietan daramagu euskaldun, emakume eta langile izatearen indarkeria. Legitimitate osoa izatetik haratago, eraso guztien aurrean bizirik ateratzeko aukera bakarra antolakuntza eta autodefentsa feminista ere badugu. Zentzu horretan azaroaren 25aren harira Euskal Herriko txoko guztietan emango diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu baita egunero txoko guzti horietan ematen diren eraso guztiei aktiboki erantzutera gonbidatu ere. Bat ikutzen badute guztiok ikutzen gaituzte.
Defenda gaitezen!!!
Gora borroka feminista!!!
Patrizia Muñoz eta Iker Aroztegi, Elkartzeneko kideak
Euskal Herrian, 2016ko azaroaren 25ean