"Europa zaharraren hegoaldeko muga, hilobi erraldoia da"

Erabiltzailearen aurpegia Elkartzen 2017ko mar. 21a, 09:10

Kapitalismoak esplotatu eta prekarizatu egiten du ondorioz, jendartearen dualizazioa eraginez. Kapitalismoaren ideologia xenofoboa da!

Arrazakeria eta xenofobia jendarteen egitura ideologiko, politiko zein ekonomikoan lekukotzen dira. Herri eta nazioen esplotazio, menderatze eta zapalkuntzen bitartez adierazten direlarik. Hedapen politika guztiek esplotatu, menderatu eta zapaltzen dituen herrien aldeko nagusitasuna aldarrikatzeko justifikazio ideologikoa eduki izan dute historian zehar, baita gaur egun ere. Beraien hobe beharrez ari direla iritziz, hezi eta zibilizatu daitezen.

Kapitalismoa, polarizazio eta aberastasunaren metaketa da batez ere. 1990. hamarkadan, orduko joerak jarraituz gero, 2050 eta 2075a bitartean, gizateriaren erdia erabateko pobrezian biziko zela baieztatzen zen.  Ageriko da aldiz, prozesu horren azkartzea, 2010etik gaur arte, gizateriaren erdia, munduko aberastasunaren %2az soilik bizi baita. Oxfam GKEren azkenengo txostenaren arabera, 2015etik munduko populazioaren %1 aberatsenak gainontzeko populazio osoak baino aberastasun gehiago du. Gutxi balitz, munduko populazioaren %10 aberatsena isuriketa kutsatzaile guztien erdiaren arduraduna da. Egun, zortzi pertsonek, zortzi gizonek hain zuzen ere, 3600 milloi pertsonek (gizateria osoaren erdiak) duten aberastasun bezainbeste dute. Lanaren Mundu Erakundeak 21 milloi pertsonak bortxazko lana egitera behartuta daudela kalkulatzen du. Honek urtero 150.000 milloiren bat dolarreko etekinak sortzen ditu. 1990. urtean G20 herrialdeetan, sozietate-zergaren batazbesteko tipo nominala %40koa zen, 2015. urtean, %  28,7ra jaitsi da.

Gaur egun, oraindik ere, harriduraz honako justifikazioekin topo egiten dugu: "gerra humanitarioak", "mendebaldeko demokrazia", "atzeratuta" bizi diren herrialdetara esportatzeko "esku hartzeak", "terrorismoaren aurkako gerrak", "zibilizazioen arteko talka"… Guztiak, kapitalismo inperialistak erabiltzen dituen leungarriak dira, munduko herri guztiak kontrolpean edukitzeko; modu honetan, herrion ustiaketa eta bizitzako gero eta arlo gehiagoren salerosketa areagotuz. Are gehiago, kontua ez da era honetako justifikazioekin bukatzen, egunez egun, logika kapitalistak sortutako gerra inperialisten ondorioz ematen ari diren migrazio masiboak eta ondoriozko dramak ikusten ari gara. Demokraziaren "gotorleku" izateaz harro adierazten den Europa honetan ikus ditzakegu gainera.

Gaur martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna den honetan, SOS arrazakeriak esan bezala, "Europa zaharraren hegoaldeko muga, hilobi erraldoia da".

Eraila izan baino bost egun lehenago Malcolm Xek argi eta garbi adierazi zuen: "Beraiek errudun diren horietaz akusatzen gaituzte. Kriminalak beti egiten duena da. Bonbardeatzen zaituzte eta ondoren zure burua bonbardeatu izanaz akusatzen dizute. Arrazistek beti egin dutena da. Beraien ohiturak egintza kriminalen ohiturak dira eta prentsaren bitartez biktima bezala agertzen dira…. biktima kriminal bezala aurkeztu eta kriminala biktima bezala. Horrela egiten dute".

2008-2016 bitartean, krisi ekonomiko bete betean, pobrezia mailak haundituz joan badira ere, araudi bateria oso bati esker,  herritarroi orokorrean, konkistatutako eskubide sozialak murriztuz eta eskuratzeko baldintzak gogortuz joan zaizkigu. Bereziki gogorra izanik pertsona migratuen kasuan. Adibideak, osasun zerbitzuen sarbiderako ezezkoetan, identifikazio arrazistetan, lan munduan jasaten duten bereizketan, errolda urteen luzapenean, prestazioak jaso ditzaketenen kopurua etxe bakoitzeko 2 bizikidetza unitateetara jaiztean, zerbitzu sozialen "Goi Ikuskaritzaren" sorrerarekin, edota prestazioak jasotzen dituztenak erruduntzat jartzearen marketinari eskerrak, sistemaren jasangarritasun ezaren mezua zabaltzen dutenean jasotzaile iruzurgile kopuru haundiarekin ondorioztatuz.

Azkeneko urteetan DBE jasotzeko baldintzak etengabe gogortu ez ezik azkeneko hiru urtetan honen diru kopurua lege kolpez (aurrekontuen bidez) %21a jaitsi duten bitartean (urtero %7a 2014, 2015 eta 2016 urteetan) horrelako adierazpenak egitea gutxienez zitala bada. 2008an DBE-jasotzaile kopurua 29.585ekoa bazen, 2016ko abenduan kopuru hori 63.797ra igo da. Pertsona guzti hauen artean 46.150ek NANa espainola dute. Honek migratuei egoeraren erantzule izatea egozten dieten diskurtso xenofobo eta arrazistak gezurtatzen ditu.

Neurri hauek, beste neurri batzuekin batera, instituzio eta kargu publiko (alkate batzuk barne) ezberdinen jarrera arrazista eta xenofoboak albo batera utziz, pertsona migratuok, sistema kapitalistarenak propio diren prekarizazio prozesua eta esplotazioa krudelkeria haundiagoz jasatera garamatza. Gu, emakume migranteok, egun horren kriminalizatuak gaudenak, sistema honek gehien esplotatzen gaituenak gara; zaintzen esklabutza eta esklabutza sexualerako erabiliak garelarik.

"Eta hori da gure arazoak nazioartera zabaldu beharraren adibide bat. Orain nazio afrikarrak manifestatzen ari dira eta Misissipin ematen den arrazakeria Kongon ematen den arrazakeriarekin lotzen ari dira, baita Hego Viet Namen ematen denarekin. Dena da arrazakeria. Dena mendebaldeko potentziek azkenengo mendeetan Afrika, Asia eta Latindar Amerikako herrialdeak degradatzen eta ustiatzen eta zapaltzen jarraitzeko erabili duten biziozko sistema arrazista.

Eta herrialde ezberdin horietako herri ezberdin horiek arazoa bat eta bakarra dela ikusten hasten badira eta hogeita bi milloi beltz ipar amerikarrok Hego Viet Namen eta Kongon eta Latindar Amerikan zapalduak izaten ari diren herrien arazo bera dugula ikusten badugu, orduan munduko zapalduak gehiengo bat eta ez gutxienengo bat izanik, orduan gure arazoari erregutu behar duen gutxienengo batek bezala beharrean exijitzeko aukera duen gehiengo batek bezala aurre egingo diogu".

(Malcolm X-k New Yorken, 1965eko urtarrilaren 28an)

Hitz hauek esan eta 52 urte igaro direnean, gure herrian, miseriazko dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonak bilatzera bultzatzen gaituzte,  liskarretan sar gaitezen, beraien azal kolorea edo jatorriarengatik. Esnatzeko ordua da, kontzientzia hartu eta sistemari aurre egiteko ordua. Gure herrian arrazakeria eta xenofobia ganditzeko borroka ideologikoan zein praktikan aurrera egitea, munduko beste herriei laguntzeko erarik hoberena da. Herritarron gehiengoaren aurkako eskutuko gerra honen aurrean, arrazakeria eta xenofobiaren aurka mobilizatzera dei egiten zaituztegu, eraldaketa sozialaren bidean pausuak ematera gonbidatuz.

Euskal Herrian pertsona bat bera ere eskubiderik gabe! Borrokatu eskubide sozialen alde! Prekarietateari aurre egin! Jendartea eraldatu!