(txosten osoa http://www.elkartzen.org/index.php/eu)
Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Gobernuetatik aurrekontuak ahal diren bezain sozialak direla adierazten digute; errealitateak berriz, Hego Euskal Herriko instituzio publikoek gastu sozial zuzenera bideratutakoa pixkanaka hondoratzen doala erakusten digu.
Zorraren pisua handitzeak hurrengo hamarkada osoaren benetako jendarte gastua baldintzatzea dakar, non kupoak eta konbenioak, zorra ordaintzeak eta arlo publikoaren jarduera burokratikoek ia bildutako diru osoa eskuratuko baitute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernuaren Etxebizitza Kontseilariordetzaren gastua 121,67 milioi eurotakoa da, 2009an baino 95,70 milioi gutxiago. Nafarroan 2017an 53,90 milioi euro bideratu dira, 2008an baino 219,98 milioi euro gutxiago. Hala ere, obra “faraonikoak” egiten (AHTa, SuperHegoa, SuperPortua, ...) jarraitzen dute, zenbaiten poltsikoak betetzeko.
Alokairu eskaria gero eta zabalagoa da, baina Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publiko bat sortzeko borondate ezaren ondorioz, alokairuaren pribatizazioaren alde egiten da.
Hego Euskal Herrian alokairuaren presentzia murritza izaten jarraitzen du, Europar Batasuneko %29,4ko bataz bestekotik oso urrun, azkeneko urteotan etxebizitzara heltzeko alokairu eskariaren garapena nabarmen hazi denean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuen Memorian eta Nafarroako Gobernuak publiko egindako hainbat dokumentutan lehentasuna, erosketaren aurrean, alokairua sustatzea dela adierazten da, baina publikoa ala pribatua?
2013-2016 Etxebizitza Plan Gidatzailean irakurri dezakegu salmentarako 8.650 etxebizitza eta alokairura 3.950 (horietatik 900 erosteko aukerarekin) aurreikusten zirela. Eta alokairuaren kasuan, ez dira ezta euren helburuetara heltzen, 2010-2012 betetze gradua %42,9koa izan zen, erosketan betetze gradua %116,60koa izan zenean. Eta horri deitzen al diote alokairua sustatzea?
Diru publikoa Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publiko bat sortzeko bideratu beharrean, diru publikoa esku pribatuetarako transferentzia areagotzen ari dira, partikularren etxebizitzak alokairurako eskaintzaren bidez.
NASUVINSAk Nafarroan eta Etxebidek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euren etxebizitzak alokatzen dituzten etxe hutsen jabeei hilean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 450€ eta Nafarroan 550€ ziurtatzen die. Gainera, segun eta programa zein den, beste abantaila batzuk izan ditzakete: birgaitzerako laguntzak, aseguruak… Errenta datu hau (esku pribatuetan) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan etxebizitza libre bat alokatzeko etxebizitza beharra duten pertsonei bideratzen zaien 250€ko prezio maximoaren (EPO edo Etxebizitza Prestazio Osagarria) oso desberdina da.
Baina hori ez da dena, azken urte hauetan etxebizitza eskuratzeko arazoa areagotu bada ere, aurrekontuetan etxebizitzara bideratutako diru kopurua murriztu da. Datuek etxebizitzara bideratutako aurrekontua behera egin duela baieztatzen dute
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2017an etxebizitzara bideratuko den diru kopurua 2009an bideratu zenaren erdia baino pixka bat gehiago izango da, hau da, 95,70 milioi euro gutxiago zuzenduko dira. 2009an 217,40 milioi euro eta 2017an 121,70 milioi euro bideratu dira.
Nafarroan 2017an 53,90 milioi euro bideratuko diren bitartean 2008an 273,88 milioi euro bideratu ziren beraz aurten 2008an baino 219,98 milioi euro gutxiago destinatuko dira.
Eta bien bitartean Herri honen langileriak etxebizitza bat eskuratzeko bizitza osoa eman behar dugu, etxebizitza lortu ala ez.
Herri honen langileriak dugun erosteko ahalmenarekin etxebizitza erostea ezinezkoa da. Horretarako 75 eta 105 urte beharko genuke. Etxebizitza alokatzea ere ezinezkoa da, hilean gure erosteko ahalmenaren bataz bestekoa 385,20€koa izanik, etxebizitza libre bat alokatzeko bataz besteko errenta 879,90€tan kokatzen baita 2016ko 4. hiruhilabetekoan.
Nafarroan pertsona bakoitzak etxebizitzara bideratutako diru kopuruaren etengabeko igoera azpimarratzekoa da. Etxe batean pertsona bakar batek bere aurrekontuaren %47,10a etxebizitzara bideratzen du eta gainontzeko gastuen aurrekontua jaitsi bada ere (halabeharrez), etxebizitzarako gastua 2007tik 2010era %4,1a igo da.
Eta gure erosteko ahalmena behera eta gastuak gora doazen bitartean, babes gehien behar dugun unean hain zuzen ere, Babestutako Etxebizitzaren prezioa gero eta altuagoa da.
2007-2016 denboraldian etxebizitza libreen prezioak behera egin duen bitartean babestutako etxebizitza berrien m2aren prezioaren igoera (+%31,8a) nabarmena ikusten da. Ondorioz, babestutako etxebizitzen eta etxebizitza libreen prezioen arteko aldea murrizten da. Garai berean, etxebizitza libre berrien eta erabilitako etxebizitza libreen prezioak %22,7a eta %36,2a jaitsi ziren hurrenez hurren.
AGERIKOA DA EGUNGO ETXEBIZITZA POLITIKEN PORROTA
Hego Euskal Herrian, 1.326.203 etxebizitzek osatzen dute etxebizitza parkea. Hortik 188.668 etxebizitza hutsik edo azpi-erabiliak daudelarik, %14,22a hain zuzen. Etxebizitza horien optimizazioak eta beharrizana dutenen esku jartzeak, etxebizitzaren arazoa konpondu eta milaka pertsonen egoera dramatikorekin bukatzeko bidea litzateke dudarik gabe. Bide horretan pausurik ez emateak, argi eta garbi adierazten du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zein Nafarroako Gobernuek, interes pribatuak lehenesten dituztela, milaka eta milaka pertsonek duten etxebizitza beharraren aurretik.
2015ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuak, Etxebizitzen Beharren eta Eskariaren Inkesta (EBEI) argitaratu zuen 2015ean. Bertan adierazi bezala, etxebizitza beharrean zeuden 18-44 urte bitartekoak 104.176 ziren. Horietatik 31.340-k ez dute inolako diru-sarrerarik eta 57.191-k diru-sarrera nahikorik ez dute. Hortaz, 18-44 urte bitartekoen artean 88.531-k, ez dute lehen etxebizitza eskuratzerik izango. GOBERNUEK ASKO DUTE EGITEKO, eta aurkeztutako aurrekontuak ez doaz bide horretatik.
Porrot hau ere agerikoa da Gobernu desberdinen Alokairu Planen emaitzei so egiten badiegu; esaterako, Etxebiden alokairua eskatzen dutenen %6,6ak bakarrik lortu zuen BOE etxebizitza bat eskuratzea.
PREKARIZAZIOARI AURRE EGITEKO, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA BAINO EZ DITUGU
2017ko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zein Nafarroako aurrekontuek, ez dute aberastasuna modu orekatuagoan banatuko, ez dira oinarrizko eskubideak bermatuko, ezta kalitatezko zerbitzu publiko eta sozialak bermatuko ere. Batez ere etxebizitza eskubidearen kasuan; nahiz eta etxebizitza beharra adierazi duten milaka pertsona sektore publikoaren esku hartzerik gabe ez duten etxebizitzarako sarbiderik aukerarik izango, aurrekontuek, sarbide hau bermatzeari uko egiten diote, pribatua lehenetsiz publikoaren aurrean. Hortaz etxebizitza eskubidea, eskubide ukatua da guztiz antisozialak diren aurrekontuak onartzen diren momentuan.
“Gobernatzen gaituztenek”, etxebizitzaren arazoa konpontzeko bidea zein den oso ondo dakite, eta guk, urtez urte errepikatzen darraigu: etxebizitza eskubide soziala da eta, honenbestez, merkatuaren logikatik kanpo geratu behar du.
Hirigintza basatiarekin bukatu behar da. Gehiago eraikitzeak ez du etxebizitzaren arazoa konpondu, kontrakoa baizik, egungo egoera larria jasatearen arrazoia izan da. Etxebizitza hutsa xahuketa soziala, ekonomikoa, ekologikoa eta lurraldearena. Bizi dugun egoera ikustea besterik ez dago.
Etxebizitza hutsak erabili behar dira, beharrezko diren neurriak jarriz helburu horretan. Etxebizitza hutsak Alokairu Sozialeko Etxebizitza Parke Publikoa osatzera igaro behar dira, administrazio publikoak gestionatua izango dena bai, baina jendartearen parte hartzea bermatuz.Eta nahi eta nahi ez, alokairuen prezioak mugatu behar dira, hau da, gehiegizko muga ipini behar zaie alokairuaren truke kobratzen diren prezioei.
Horregatik guztiagatik exijitzen dugu aurrekontuak parte-hartzaileak izan daitezen, aberastasuna bana dezaten eta etxebizitza duin baterako sarbidea eta erabilera bermatu dezaten.
BORROKATU ZURE ESKUBIDEEN ALDE!
EGIN AURRE PREKARIETATEARI!
JENDARTEA ERALDATU!
Euskal Herrian, 2017-04-03