PNVk ahalbidetu eta murrizpenak eta pobretze-prekarizazio prozesua azkartuko duten Estatu espainoleko aurrekontuen inguruko akordioa berriki ezagutu dugun honetan, berriro ere azpimarratu beharra daukagu Hego Euskal Herrirako 2017ko aurrekontuak paper bustia direla, ez dutela aberastasuna era orekatuagoan banatuko, ez dituztela kalitatezko zerbitzu publikoak garantizatuko eta ez dituztela oinarrizko eskubide sozialak bermatu behar. Eta are gutxiago pertsona orok gutxieneko diru-sarrera duinak izateko duen eskubidea. Aurrekontu antisozial hauek de facto ukatzen duten eskubidea, pobrezia kondenatu baina pobreziara kondenatzen gaituzten aurrekontuak. Baieztapen hauek forgatzeko, atxikituta bidaltzen dizuegu txosten bat non Hego Euskal Herriko bi gobernuek prestazio sozialen arloan onartutako aurrekontuen irakurketa kritikoa aurkitu ahal izango duzuen.
Aurrekontuak aberastasuna banatzeko eta pertsona orori duintasunez bizitzeko gutxieneko baldintzak bermatzeko tresna garrantzitsua dira. Ondorioz, aurrekontuen gaineko erabakiak ezin ditugu botere kapitalistaren eta bere zerbitzura ari diren alderdien eskutan utzi. Iniziatiba hartu behar dugu eta aurrekontuez hitz egitea, zerga-bilketa nola egiten den, bildutakoa zertan gastatzen den edota prozesu hori nola garatzen den erabakitzea dela ohartu behar dugu.