Langile klasea aurpegiak eta begiak ditugun pertsonok osatzen dugu, inguruan maite ditugun pertsonak eta sentimenduak ditugunak. Esplotazioaren, beldurraren eta miseriaren aurrean ozen oihu egiteko garaia da, NAHIKOA DA!
2018. urtean esplotazio enpresarialaren eta lan prekaritatearen ondorioz 68 pertsonek euren bizia galdu zuten lan istripuetan Euskal Herrian; aurten jada 15 pertsonek galdu dute bizia. Baina ezkutatzen da lanaren ondorioz gaixotutako 1.200 pertsonek ere hil egin zirela 2018an eta 370 oraingoz aurten. Datu hauek Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europear Agentziatik ateratzen dira, Agentziak lan istripuan hildako langile bakoitzagatik beste 18k gutxienez hiltzen direla zehazten baitu.
Eta, zer axola gure bizitzak beste batengatik ordezkatuak bagara? edo sinpleki, lanpostu hori deuseztatzen badute?. Negozioa beti pertsonen gainetik dago, erabiltzeko eta botatzeko merkantzia gara. Legeak, epaileak, instituzioak, mutuak... denak dira enpresariei mesede egiteko eta bere burua erreproduzitzeko sistemak behar duen “bake soziala” mantentzeko tresnak.
Langile klaseak eta herri sektoreek sortzen dugu aberastasuna, baina egindako esfortzuak eta lanak ondorio ikaragarriak ditu: miseriako soldatak, prekarietatea, langabezia, eskubideen murrizketa, bizi kalitate kaskarra, gaixotasunak eta heriotza. Bitartean, odol tanta bat bera ere isuri gabe, enpresariek plusbalioaz jabetzen dira.
Zergatik instituzioek lanean hildakoen datuak isilarazten dituzte? Estatistikak latzak dira. Ez al da hau onartutako bortizkeria? Gaitz honek hiltzen jarraitzen du eta ez al daude erantzulerik?
Patronalak eta instituzioek gure lana galtzeko beldurra, langabezian geratzekoa, gero eta garestiagoak diren fakturak, zerbitzuak... ordaintzeko dirurik ez izatekoa... erabiltzen dute gure eskubideei uko egin diezaiegun eta erabat meneko pertsonak bihurtu gaitezen. Ez diezaiegun utzi eurena egiten. Klase kontzientziak kalera ateratzera, matxinatzera, antolatzera eta borrokatzera eraman behar gaitu. Hurrengo 28an eta urteko egun guztietan.
Gora Euskal Herriko langileria!
Euskal Herrian 2019ko apirilaren 26an