Txapelketaren grina

Erabiltzailearen aurpegia Elorri Bertso Eskola 2017ko abe. 18a, 09:37

Bertsolari Txapelketako Nagusiko argazkia

Badira lau urte bertsoak gure barruak hartu eta “bertsofriki” sentitu ginen azkeneko aldia pasatu zela, oraindik presenteegi ditugun arren bertsolariek abestutakoa.

Ametsek gurasoei kantatutako esker hitzak, aitarena zen txapela hura amari eskainiz, edo Sustrai Colinaren itsua da maitasuna, Beñaten ez didazu ezer esan eta dena esan didazu edo zor didazun gauz bakarra da zoriontsu izatea, gogoratzen ditugu, ondo gainera, baina,  denboran urrun daudelaren sentsazioa daukagu. Eta… sentsazioetaz hitz egiten hasita, berriz gogoratu ditut egun handiaren bezperakoak, BEC-eko sarrera handi horretatik sartzean arnasten dugun energia, berotasuna, eta irribarrea; lehen belodromoan sentitzen zirenak eta seguraski, lehenago, Donostiko frontoian edo Victoria Eugenia Antzokian Gasteizen; frikiegiak ez ote garen pentsatzen dut: goizetik familia, lagun, edo beste bertsofriki kuadrilla batekin elkartu eta metroz, kotxez, autobusez olatu handi batek sor lezaken ikara bera sortuz sartzen gara Bilbao Exhibition Center-era, kalean disimuluz eramaten dugun afizioa askatzera eta ha gozatzeaz gozaraztera.

Baina bertsoaren mundu honetan zaleek bakarrik ezingo genuke horrelako “exhibition” latza sortu, bertsolarien beharra daukagu eta haiengan zentratu nahiko nuke. Aurrerapen eta aldaketak sumatzeko lau urte eduki ditugu ,hala ere,  alde batetik gazteak ikusten ditut problema handi batean murgilduta, probintzia bakoitzeko txapelketak igaro diren arren, plaza handietara salto egiteko duten pausoan zerbait gutxi aldatu delaren ustea; beste aldetik, bertsolari zaharrenak, txapelketa nagusia uzteko momentua aurkitu nahiean, Unai Iturriagaren kasua aurtengoa bere plazari uko egin diona; Emakume bakarra berriz ere oholtza gainean eta aldaketen zein aurrerapenen garai hau momentu onenean zetorren arren aurtengoan ere emakume bakarra oholtzaratuko da BEC-en. Baina lehiaz ere hitz egin behar dugu, lehiarik gabeko plazen eztabaida gori-gorian dagoen unean heltzen baita finala. Geroz eta gehiago gustatzen baldin bazaigu lehiarik gabeko inguruetan kantatzea, zergatik zoratzen gara Txapelketa handiarekin? Zer faktorek eragiten du Euskal Herritarren mobilizazio masibo hau?

Maialenek 2009ko txapelketa irabazi zuenean “eta hemen bildu dan indarraz, grinaz eta poz taupadaz” horri beste buelta bat eman diot, aurreko galderari erantzuteko nahian. Hain zuzen ere grinaz hausnartu nahiean, iruditzen zait gizarte honek baduela erromatarren garaikoarekin oraindik aurrerapenerako bidea aurkitu ez duen grin bat, espektakuluak sortzen duen grina, hain zuzen. Garai horietan gladiadoreak ziren bata bestearen kontra ibiltzen zirenak, plazak bete egiten ziren esklabuak, presoak, hiltzaileak edo intsumisoak euren artean borrokan ikusteko, horrek sortzen zuen grina, muturreko konpetentziaren grina zen.

Txapelketak muturrera eraman ohi dituen bezala bertsolariak, publikoak asetzen duen grina da aldi berean sufrimendu hori, hala ere, festa giroan ospatzen dugun eguna da, euskarak bere horretan euskaraz bizitzeko ilusioa mantentzen duela erakutsi eta 16400 pertsonaren aurrean baino euskal herri osora zabaltzen dena… Beraz, bai, horixe da txapelketa, bertsolariak estutzean barneratzen dugun ilusio eta grina euskaraz bizi garen bitartean!

Beste behin ere, ez diegu ezer esango eta dena esango diegu, zor diguten gauz bakarra  zoriontsu izatea baita, su horren bueltan dantzan jartzea, sortuko den indarraz, grinaz eta poz taupadaz jarraituko baitugu herri hau sortzen, euskaratik ta euskaraz!

 

 Markel Baroja (Elorri Bertso Eskola)