Aferak dinamikaren lehen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Elorri Bertso Eskola 2019ko mar. 7a, 09:35

Amaitzear da Aferak bertso dinamikaren bigarren edizioa. Deustuko Herriko tabernak eta Elorri bertso-eskolak antolatuta, bost saiotan 20 bertsolari aritu dira deustuarren aurrean koplaka. Martxoaren 9an emango diote amaiera aurtengo dinamikari bertso-bazkari batekin eta antolatzaileak hasi dira jada lehen balorazioak egiten.

Irailean batu ginen Aferak bertso dinamikako lantaldea; aurreko urteko balorazioa buruan, aurten arrakasta bera izango ote zuen jakin gabe. Egia da, oinarriak ondo finkatuz gero dena dela errazagoa. Horrela, pasaden urteko formatuarekin jarraitzea erabaki genuen: hilero saio bat, tematika jakin batekin, umorea eta gaur egungo gaiak uztartuz.

Balorazio bat egiteko, iazkoarekin konparatu behar dugu: egin ditugun aldaketek nola eragin duten, zertan hobetu dugun bertso dinamika eta jarritako helburuak bete ote ditugun. Hau horrela izanik, esan beharra dago saio bakoitzak tematika desberdin bat izateak gero eta lan handiagoa eskatzen duela. Bestalde, bost saiotatik hirutan Deustuko bertsolariak izan dira oholtzan. Gainera, bertsolari berriak ekarri ditugu eta hauek maila mantendu eta igo dute, beraz, bertsoen mailari dagokionez pozik gaude. Lehen argi bagenuen ere, oraindik are argiagoa dugu ez dugula sariketa formatua izatea nahi, lehia kutsu hori alde batera utzita.

Azkenik, aurten iaz baino ikusle gutxiago etorri dira saioak ikustera, betiere, saio bakoitzeko gutxienez 50-60 zale egonda. Joan den urtean saio jakin batzuetan ikusle gehiegi etorri ziren eta batzuk kanpoan geratu ziren.

Balorazio osoa egiteko oraindik martxoaren 9an Deustuko Herriko tabernan antolatuko dugun bertso bazkarira itxaron beharko dugu. Aitor Sarriegi, Alaia Martin eta Amets Arzallus arituko dira kantuan. Azken saio honetan arrakasta handia izatea espero dugu. Orokorrean, oso pozik gaude egindako lanarekin eta bertsolari zein ikusleen erantzunarekin.